Zuloagako eta Oleako presen eraisketa-proiektuari buruzko aurkezpen publikoa eskatu dio Soraluzeko EAJ-PNVk Udal Gobernuan dagoen EH Bilduri. Jeltzaleen ustez, “herritarrei informazio gardena eta zuzena” eman behar zaie. Halaber, azpimarratu dutenez, “gai garrantzitsu honi buruzko erabakia ez da inposatu behar: partekatu egin behar da, eta erabaki komun baten bidez adostu” .
Jeltzaleek jakinarazi dutenez, ekainaren 18an, presak iragazkortzeko proiektua onartu duen 143/2025 Foru Agindua argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Hain justu, honakoa izan da gaiak izan duen kronologia:
- Otsailaren 10ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren obra hidraulikoetako webgunean argitaratu zen proiektua.
- Martxoaren 3an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideak abiarazi zituen iragarkia argitaratu zen.
- Apirilean, Soraluzeko Udalak zazpi puntuko alegazio-txostena igorri zuen Aldundira.
- Maiatzaren 20an, Aldundiaren erantzuna jaso zen udal erregistroan.
- Ekainaren 12an, hirigintzako batzordean, EH Bilduk alegazioen erantzunaren berri eman zuen.
- Ekainaren 18an, presak iragazkortzeko proiektua onartzen duen 143/2025 Foru Agindua argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Informazio guztia mahai gainean izanda, EAJ-PNVk uste du herritarrei proiektuaren berri eman behar zaiela. "Gardentasuna eta parte-hartzea ez dira lelo hutsa izan behar, praktikan aplikatu beharreko printzipioak baizik", adierazi dute jeltzaleek.