Ipini dute azken igogailuarendako egitura

Ubane Madera Zangitu 2025ko api. 17a, 15:54

Atzo, eguaztena, ipini zuten Ezozidea birgaitzeko obren baitan ipiniko duten azken igogailuaren egitura, lau tonako metalezko bi piezaz osatutakoa. Guztira, bost ataritan ipini dituzte igogailuak. Beasaingo Iruko Berri enpresak egin ditu lan horiek. Auzoko urbanizazio lanei dagokienez, berriz, haiek ere martxa onean dira, aurreikusitako epearen barruan, esandakoaren arabera. Udaberriko oporretan etenaldia izango dute lanek, apirilaren 28ra arte.

Martitzenean hasi zituzten Ezozibideko azken igogailuaren egitura jartzeko lanak. Lau tona inguruko bi pieza eraiki zituzten Beasaingo Iruko Berri enpresan, kastiletea eta konponentea. Eta martitzenean eta eguaztenean ipini zituzten biak ala biak auzotar askoren begiradapean, etxearen gainetik pasatu baitzituzten bi piezak, maniobra ikusgarrian.

Behin egitura ipinita, lekuan bertan joango dira igogailuaren makina eraikitzen. Azken horrekin, guztira, bost ataritan ipini dituzte igogailuak Ezozibidea Berritzen programaren barruan, 20-24-26-30 eta 32 atarietan, hain justu.

Urbanizazio lanak

Eraikin horiek zaharberritzeko eraginkortasun energetikoko eta irisgarritasuna hobetzeko egiten ari diren jarduerez aparte, auzoa bera berrurbanizatzen ere badabiltza.

Kasu horretan, Artzamendi enpresa ari da lanak exekutatzen. Azken egunotan, auzoaren beheko partean ari dira aparkalekuak egokitzeko lanak egiten. Esandakoaren arabera, lanak epe barruan ari dira egiten.

Xehetasunen arabera, berriz, orain, jai-egunotan atseden hartuko dute eta maiatzaren 28an lanera bueltatzen direnean, auzoaren goiko partean hasiko dira lanean, espaloian, bertako eskailera-gunea berritzen, besteak beste.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.