Azpiegiturak berritu, plataforma bakarra sortu eta zoladura osoa aldatuko dute Ezozibide kalean

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 3a, 10:41

Bihar, martitzena, hasiko dituze Ezozibide kaleko obrak, biribilgunetik hasi eta 34. atarirainokoak. Obra handia egingo dute, honako jarduera nagusiekin: errepidea eta espaloia plataforma bakarrean jarriko dute, herriaren erdigunean moduan; ur-azpiegiturak lekuz aldatuko dituzte, argindar eta euri-uren azpiegiturak berritu egingo dituzte eta kaleko zoladura guztia aldatu egingo dute, baita parkearena ere.

Ezozibidea Berritzen propiektuaren baitan, bertako etxebizitzak birgaitzeko jarduerak ia bukatu ondoren, orain auzoa bera berriro urbanizatzeko obrak hasiko dira.

Bihar, martitzena, hasiko dira eta aurreikuspena da zazpi hilabetez luzatzea. Eta noski, eragin handia izango dute obrek. Baina zatika egingo dituzte eta Udalaren esanetan, “auzotarrekin koordinatuta” egingo dira. Adibidez, nahiz eta obrak bihar hasi, oraingoz, aparkalekurik ez da libre laga beharko. Eta Udalak adierazi duenez, Ezozirako errepidea beti mantenduko da zabalik.

Oro har, aurreikusitako jarduera nagusiak honakoak dira:

  • Plataforma bakarra sortu: herriaren erdigunean dagoen moduan, espaloia eta errepidea maila berean jarriko dituzte, plataforma bakarrean. Errepidea inprimatutako hormigoiz jantziko dute.
  • Goiko partean, berriz, pabimentazioa aldatu eta zati bat adokinatua jarriko dute.
  • Errepide osoko zoladura aldatuko dute eta zati batean, errepideari errebueltatxo bat egingo diote, etxeetatik aldentzeko.
  • Parkeko zoladura ere aldatu egingo dute.
  • Etxeen ondotik doazen ur-azpiegiturak lekuz aldatu eta errepidearen beste aldera eramango dituzte, gainerako azpiegiturekin batera ipintzeko.
  • Euri-uren azpiegiturak berritu egingo dituzte.
  • Argindar azpiegiturak berritu egingo dituzte.
  • Aparkalekuei dagokienez, obrak egin eta gero orain baino bi gutxiago izango dira.
  • Lehen etxebizitzatik 34. etxebizitzarainoko espaloian, kota aldaketetan jardinerak jarriko dituzte.

Construcciones Artzamendi enpresak egingo ditu obrak 757.282,77 aurrekontuarekin.