Presen auzia

GDIk uste du Oleako presa botatzeko proiektua geldiarazi egin behar dela

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 13a, 08:51

Aurkezpena martitzenean, Tolarekua aretoan.

Herenegun, martitzena, Gure Deba Ibaia taldeak Oleako eta Zuloagako presak eraisteko proiektuari buruzko hitzaldia eskaini zuen. 25 lagunetik gora batu ziren, baita udal ordezkariak ere, alkatea eta oposizioko burua tarteko. Labur esanda, GDIk uste du proiektu hori “Soraluzeko Plan Orokorrak jasotakoen kontrakoa” dela, “Olaldeako proiektua bera ere kaltetzen” duela eta “Udalak agindutako Deba ibaiko Plan Integrala zapuzten” duela. Barruan irakurgai Gure Deba Ibaia taldeak helarazitako idatzi-laburpena.

OLEA BOTATA, UFAL LARRIAGOAK

Bileraren arrazoia

Azken hiru urteetan behin eta berriz eskatu diegu Merlinekoei Soraluzen zer egin behar duten eta zer eragina izango duen modu zehatzean azaltzeko, orokorkerietan ibili beharrean soraluzetarrak limurtzeko asmoz.

Azken asteotan, presa hoiek botatzeko proiektu eta iragarpena azaldu dira. Soraluzeri buruz zehazki idatzitako lehen material luzea da. Eta ohartu gara luzea bezain kezkagarria dala.

Kezkagarria 

Soraluzeko Plan Orokorraren puntu garrantzitsuetan kontrakoa izateaz gain, gezurretan ari da, Planak esaten ez dituenak asmatzen. Eta Plan Orokorra Udalak onartu zuen etorkizuna bideratzeko, eta betebeharrekoa da.

Gainera, orain arte ufalen mamua erabili izan badute presak botatzeko, orain proiektuak alderantzizkoa esaten digu: Oleako presa bota ezkero Olaldean ur maila igo, eta ufalen eragina handiagoa izango dela.

Proiektuak ez ditu aintzakotzat hartzen Udalak zein Eusko Jaurlaritzak esandakoak: herriko ur-xafla handiena eta Oleako presa babestu behar direla, bertan bizi diren eta desagertzeko arriskuan dauden hegaztien bizitokia direlako.

Merlinekin ere ez dator bat 

Ufalen asuntuaz gain, Merlin taldekoek agindutako susperraldi ekonomikoaren oinarri, presak bota ezkero sortuko liratezkeen turismoa eta basogintza negozioak zeuden, besteak beste.

Azken honetaz, proiektu berriak garbi dinozku, Soraluzeko ibai bazterrak hormigoiz eta paretaz josita daudela eta ezin dela bertan inolako basogintzarik sortu.

Horrez gain, Merlin berak proposatutako "naturan oinarritutako soluzio berritzaileak" ez dira inun agertzen: "martillo rompe-rocas" deiturikoa erabiliz ibilguaren harkaitza apurtu behar dute, eta obra-hondakinak bertan laga behar dituzte urak eraman ditzan… "nahiz eta kasu batzutan kaltegarria izan".

Begirada baikortasunetik

Hori guztia horrela izanda ere, gure ustez, baikortasunetik ikusi daiteke egungo egoera. Gure ibaiak aitorpenak jaso ditu paisaia, historia, kultura eta herria aintzat hartuz. Unesco eta Europa Nostra erakundeengandik etorri da hori.

Horrez gain, gero eta herritar gehiago ari da ikusten ibaia bera izan daitekeela etorkizunerako palanka eragingarria, lana medio, jakina. Udalak herenegun bertan azpimarratu zuenez, Oleako presak tente irautea eta Olaldea proiektua guztiz bateragarriak dira.

URA agentzia aurten hasiko da sei urtean behin garatzen den Plan Hidrologiko berria lantzen. Udalak ibai eremurako Plan Integrala agindu eta aurrekontuetan ere onartuta dauka. Olaldea berrizteko proiektuari ere iristen hasi zaio dirua...

Orain azaldu da Oleako presa botatzeko proiektu berria. Soraluzeko Plan Orokorrak jasotakoen kontrakoa da, Olaldeako proiektua bera kaltetzen du eta, jakina, Udalak agindutako Deba ibaiko Plan Integrala ere zapuzten du.

Zer egin

Soraluzeko etorkizuna gehiago ez okertzeko, uste dugu Udalak bere gain hartu behar duela Oleako presa botatzeko proiektua geldiarazteko lidergoa.

Ez da berandu egoera berriari erreparatuz, aurrerapausoak eman eta alegazioak aurkezteko. Eta badaki Udalak horretarako behar ezkero, herritarron bultzada lagungarria ere jasoko duela.

Eta Aldundia?

Iaz Udalak eta Obras Hidraulicas sailak zerbait hitzartu bazuten ere, Aldundikoek zuzen jokatu zuten gure Udalarekin?

Azaldu al zioten Plan Orokorra hankape pasa edota ez betetzeko asmorik? Esan al zioten Udalari, Olaldean presa bota ezkero ur maila igo eta ufal arriskua areagotuko zenik? Adierazi ote zituzten hitzarmena sinatzeko orduan kaltegarri eta onartezinak diren letra txikitan idatzita gaur bultzatu nahi dituen edukin eta baldintzak? Ala hitzarmena burutzeko ixilpean gorde zituzten eta azpikeriaz baliatu?

Hitzartutakoa Aldundikoek apurtu zuten hasiera-hasieratik, Soraluze Udala eta herriarekin trikimailuak erabiliz. Beraz, hitzartutakoak ez du Udala behartzen.

Bukatzeko, azpimarratu nahiko genuke Aldundikoak gonbidatu genituela eta ez zirela azaldu. Udaletik, berriz, alkatea eta hiru zinegotzi etorri ziren. Alde ederra!