Bihar eta etzi, greba egitera daude deituta Hezkuntza Publikoko irakasleak; Soraluzen, Plaentxi Eskolakoak, Soraluze BHI Institutukoak eta Helduen Heziketakoak. Bada, eskolatik ohar bidez gurasoei jakinarazi diete deialdiak “eragina” izango duela ikastetxean. Institutuak, berriz, jakinarazi du ikastetxean “ezin izango” direla “klaseak normaltasunez bermatu” eta “irakaslea ez dagoen kasuan, zaintzen bidez artatuko” direla ikastetxera doazen ikasleak. Azkenik, HHItik -EPA- esan dute "eragin txikia" izango duela grebak.
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute greba deialdia. Irakasleek egingo duten bigarrena da oraingo hau, lehen greba sorta urtarrilean egin baitzuten, jarraipen handiarekin.
15 urtean eguneratu barik
Protestaren bitartez, hezkuntza publikoko langileek hainbat aldarrikapen zehatz egiteaz batera, oro har, 15 urtean eguneratu barik duten hitzarmena eguneratu nahi dute.
Aldarrikapen zehatzak, berriz, honakoak dira:
Lan-zamak arintzea.
Gazteberritze planak.
Eros-ahalmena berreskuratzea.
Enplegua egonkortzea eta bermatzea.
Ordezkoen lan baldintzak hobetzea.
Lizentziak eta baimenak hobetzea.
Lan-osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.