Hezkuntzako LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, unibertsitatez azpiko irakaskuntza publikoan deitutako 12 greba eguneko zikloaren lehena da gaurkoa. Lehen deialdian, irakasleak deitu dituzte protestara, gaur eta bihar.
Datorren astean, berriz, Haurreskolako langileak daude deituta, urtarrilaren 28an eta 29an. Eta baita sukaldeetako eta garbiketako langileak ere, horien kasuan, urtarrilaren 30ean eta 31n.
Egoera aldatu ezean, otsailerako beste horrenbeste greba egun deitu dituzte, hau da, beste sei.
Grebaren bitartez plazaratu dituzten aldarrikapenen artean honako hauek nabarmendu dituzte:
- Lan-zamak arintzea.
- Gazte-berritze planak.
- Eros-ahalmena berreskuratzea.
- Enplegua egonkortzea eta bermatzea.
- Ordezkoen lan baldintzak hobetzea.
- Lizentziak eta baimenak hobetzea.
- Lan-osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.