Soraluzera kirola egitera

Aitzol Ovejero: "Probatu dudan kirolik konplikatuena da"

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 16a, 11:35

Aitzol Ovejero (Arrasate, 2008) SoraBox Klubeko boxeolaria da. Bi urte daramatza boxeoan. Ezekiel lagunak erakutsi zion kirola; "barruak husteko" on egiten ziola-eta, asko gustatu eta hortxe segitzen du. 

Arrasatetik Soraboxera, zergatik?

Lehen Santiago Galan Espainiako txapeldun izandakoak entrenatzen duen klubean nengoen. Urtebetez egon nintzen berarekin. Hari ez zaio jendea konpetitzera ateratzea gustatzen. Erabaki nuen Soraluzera aldatzea hemen bai ateratzen dutelako konpetitzera.

Justu martxoaren 7an debutatuko duzu; zelan zaude?

Ondo, apur bat urduri baina gogotsu.

Ez dizu beldurrik ematen zure herrian debutatzeak?

Zerbait bai, baina hobe nire herrian inor ezagutzen ez dudan leku batean baino. Lagunak, senideak… etorriko dira ikustera.

Arrasaten boxeoak badu tradizioa, baina zenbateraino piztu da Ixari esker?

Han entrenatzen ari dira baina bakarrik modu errekreatiboan. Ekitaldiak-eta Ixa hasi zen egiten. Martxoaren 7koa izango da hirugarren urtea.

Zelan ikusten duzu zure burua boxeoan?

Ondo, baina beti dago zerbait hobetzeko. Diziplina handia behar da. Nik uste dut probatu dudan kirolik konplikatuena dela. Umetan ez nuen espero boxeoan bukatuko nuenik.

Eta Soraboxen, zer moduz?

Oso ondo. Ixak oso ondo zaintzen nau, ama bailitzan (barre); oso jatorra da; asko arduratzen da gu guztiotaz eta oso entrenatzaile ona da. Guztion artean ondo konpontzen gara eta gogor entrenatzen dugu.

Zer gustatuko litzaizuke lortzea boxeoarekin?

Lehenengo nahi dut jakin noraino ailegatu naitekeen orain egiten dudanarekin, borroka probatu eta ea zelan moldatzen naizen. Sparring-a egiten dugu hemen, konbateen antzerakoa da. Dena den, beti nahi izango dut profesionala edo txapelduna izan.

Nolako maila ikusten duzu hemen?

Nahiko ona. SoraBoxen borrokalari oso onak daude, adibidez, Korta. Orain gutxi hemen dabilen nire lagun Jokin Merinok borrokatu zuen, hura ere oso ona.

Zuk zein duzu erreferente?

Badago boxeolari bat oso gustuko dudana bere diziplinarengatik, bere konbate motarengatik… Canelo Alvarez mexikarra. Denbora luzean izan da munduko txapelduna. Dena dut gustuko berarengandik.

Beste ezer esaterik nahi baduzu…

Emozionatuta nagoela nire konbatearengatik eta gogor entrenatuko dudala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.