LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako greba zikloa egiten ari dira Hezkuntza Publikoko irakasleak, Haurreskola Partzuergoko langileak eta Hezkuntzako sukaldariak eta garbitzaileak. Jarraipen handia izaten dihardu protestak, irakasleen kasuan %70 ingurukoa eta Haurreskolako Partzuergoko langileen kasuan, %90ekoa.
Oro har, “kolektibo horietan guztietan iraungita dagoen lan-hitzarmenak hemen eta orain negoziatzea” aldarrikatzen dute protestaren deitzaileek. Horretarako, besteak beste, Hezkuntzara bideratzen duten inbertsioa handitu egin behar dela aldarrikatu dute, batik bat, “langileen eskubideen urraketa geldiarazteko”.
Testuinguru horretan, sindikatuek zazpi aldarrikapen amankomun adostu dituzte:
- Lan-zamak arintzeko neurri zehatzak.
- Gazteberritze plana.
- Erosahalmena berreskuratzea.
- Enplegu publikoa egonkortzea.
- Lanpostuak egonkortzea.
Euskalduntzeko politikak
Era berean, eskatu dute “Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea”.
Otsaileko grebak
Urtarrileko grebak bukatzear, otsailerako beste horrenbeste mobilizazio deitu dituzte sindikatuek.
Honakoa da egutegia:
- Haurreskola Partzuergoko langileak: otsailak 12-13
- Sukaldariak eta garbitzaileak: otsailak 19-20
- Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleak: otsailak 26-27