2025eko etxeko lehen partida jokatuko du Sorak domekan

Ander Gomez 2025ko urt. 15a, 10:45

Barrutia eta Zubiaurre pasa den asteburuko partidan, Zarautzen. @soraluzeft

Urteko lehen partida Zarautzen jokatu zuen Sorako Gorengo mailako taldeak pasa den asteburuan. Orain, Ezoziko zelaiko estreinua geratzen zaio eta domeka honetan bertan izango da, urtarrilaren 19an, 16:30ean.

Asteburu honetan, joaneko azken partida jokatuko du Sorako Gorengo Erregionalak, falta zaion aurkari bakarraren kontra: Eibartarrak Futbol Taldea. Talde biak estu ibli dira denboraldian: Eibarkoak hamaikagarren postuan daude sailkapenean eta Soraluzekoak azkenak, hamaseigarrenean. Eibartarrak puntutara berdinduta zegoen Ilintxaren kontra etxean berdintzetik datoz; Sorakoak etxetik kanpo galtzetik, baina partidu itzela eginda (ikus Sora-Zarautz kronika hemen). Orain, 15. jardunaldi honetan, elkarren kontra neurtuko dituzte indarrak, urtarrilaren 19an (domeka), 16:30ean, Ezoziko futbol zelaian.

Bolada txarrari buelta emateko prest

Denboraldi hasiera gogorra izan du Sorak, berdinketarik ez eta hiru partida eskas irabaztea lortuta. Plantilla berri eta gaztetu batekin hasi zuen denboraldia, bere alde on eta txarrekin. Baina zailtasunei denboraldi hasieratik izandako bajak gehitu zaizkie: "Jende aldetik justu samar ibili gara", adierazi dute eta, batez ere, erasmusera joandako "hiru jokalari inportanteren falta" sumatu dela.

Dena den, orain arte behintzat, ez da alarma gorririk piztu Sorako zuzendaritzan: Zarautzen erakutsitako errendimendua ikusita —eta "partida galdu arren"— "urte hasiera ona" izan dutela diote eta egoerari buelta emateko aukera ikusten dute, Eibartarrak-en kontrako partidatik hasita. Hori bai, zale guztiak gonbidatu dituzte domeka arratsaldean Ezozira igotzera, bolada txarrari buelta emateko ahalegin honetan zaleen laguntza "ezinbestekoa" delako.