Soraluzetar batek epaitegian deklaratu beharko du “atentatu eta desobedientzia larria”ren akusaziopean

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 13a, 16:50

Ekainean Desocupacyl enpresako ultraeskuindarrak Ertzantzak eskolatuta alde egin zuten unea.

Soraluzeko herritar batek zitazio judiziala jaso du Eibarko epaitegitik eta urtarrilaren 29an deklaratu beharko du, "atentatu eta desobedientzia larria" egin izanaz akusatuta. Zitazioa joan den ekainaren 5ean Desocupacyl enpresakoek Soraluzen egin zuten etxegabetze saiakeran sortutako tentsio uneen harira dator. Herritar talde batek zitazioa gaitzetsi eta elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 28rako, Desocupa kanpora lelopean.

Datorren urtarrilaren 29an, soraluzetar batek Eibarko epaitegian deklaratu beharko du “atentatu eta desobedientzia larria” egin izanaz akusatuta.

Hori dela eta, herritar talde batek oharra helarazi du zitazioaren ingurukoen berri emanez eta haren kontra egiteko elkarretaratzea deitu du epaiketaren bezperan, urtarrilaren 28an. 19:00etan, Desocuka kanpora lelopean. Oharrean ez dute lekua zehaztu.

Bi lagun identifikatuta

Oharrean kontatzen dutenez, ekainaren 5ean, Desocupacyl enpresa Ezozibidera joan zen etxegabetze bat egiten saiatzera eta kanpoan, hainbat lagun elkartu ziren “enpresako kide ultraeskuindarrei gure herrian ongietorriak ez direla adierazteko”.

Gogora ekarri dutenez, “Ertzaintzak eskoltatuta” alde egin behar izan zuten Desocupacyl enpresakoek eta orduan, “tentsio uneak bizi izan ziren bertaratu ziren pertsona eta indar polizialen artean eta Ertzaintzak bi soraluzetar identifikatu zituen”. Bada, jakinarazi dutenez, horietako batek jaso du zitazio judiziala Eibarko epaitegitik.

Oharrean adierazi dutenez, “arriskutsua eta kezkagarria” da “horrelako enpresen presentzia herrian eta are gehiago indar polizialekin lankidetzan”. Salatu dutenez, “gero eta gehiago” gertatzen da “horrelako enpresa ultraeskuindarrak kontratatzea egoera zaurgarrian dauden edo beste baliabiderik ez duten pertsonak kaleratzeko” eta diote ezin dela “onartu horrelako jarreradun jendeak, taktika mafiosoak eta gorrotoaren diskurtsoa erabiliz, etxebizitza faltaren arazoa baliatzea”.

"Etxebizitzaren negozioa"

Oharrean azpimarratu dute “etxebizitza bizirauteko oinarrizkoa” dela eta “pertsona orok” izan beharko lukeela “ziurtatuta” . Ostera, diote “jabegoa eta irabazia denaren gainetik” lehenestea eta “arazoaren erroa etxebizitzaren negozioa bera” dela eta horregatik, hori aldatu ezean, ez dute “konponbiderik” ikusten. Halaber, gaiari buruzko “hausnarketa” egin beharra ere aipatu dute oharrean.