Ezozibideko 26. atarian okupatuta zegoen etxebizitza bat hustera etorri dira Desocupacyl enpresa ultraeskuindarreko hainbat gizon. Esan dutenez, etxejabearekin kontratua zuten etxea husteko. Etorri eta etxebizitzan zegoen pertsonari dirua eman eta hark giltzak entregatu dizkie "borondatez", eta, gero joan egin da, beti ere, Desocupacyl enpresakoen arabera. Dena den, ez da argi geratu desokupazioa gauzatzea lortu duten ala bertan zegoen maizterra bueltatu ahal izango den ala ez.
Bien bitartean, kanpoko aldean hainbat lagun elkartzen hasi dira eta besteak beste, "faxistak kanpora!" oihukatzen hasi dira. Desocupacyl enpresakoak, berriz, leihora irten dute eta jarrera oldarkorrez kanpoan zeudenak iraindu eta grabatu egin dituzte.
Etxejabearen azalpenak
Aldi berean, Udaltzaingoa bertaratu da eta hark Ertzaintzari abisatu dio. Etxejabea ere bertaratu da. Hura ahalegindu da giroa baretzen bertaratutakoen, poliziaren eta Desocupayl enpresakoen artean.
Kanpoan zeudenei esplikatu die ahalegin guztiak egin dituela okupatzaileek etxea utz zezaten; gaineratu du berak etxea behar duela orain, maizter dagoen beste etxebizitza batetik joan egin behar duelako eta ikusita bide ofizialak erabilita (salaketa tarteko) ezin zuela etxea husterik lortu, orduan kontratatu duela enpresa desokupatzailea. Gaineratu du umea ere baduela eta presazkoa dela berarentzako etxea berreskuratzea eta bide legala "oso motel" doala.
Kanpoan zeudenek, berriz, etxejabeari esan diote, besteak beste, hori ez dela modua etxe bat husteko, “faxistak” kontratatzea ez dela zilegi, alegia.
Harrika egin diete
Ordu eta erdi inguruz luzatu da egoera. Desocupacyl-ekoak atari-etxe barruan eta 30-40 bat pertsona kanpoan. Tartean, alkatea ere bertaratu da egoeraren berri jakitera.
Azkenean, Ertzaintzak lagunduta atera dira etxetik Desocupacyl-ekoak. Atzetik joan zaizkie kanpoko pertsonetako asko "Faxistak kanpora" oihuka eta bidean, harrika egin diete. Azkenean, korrika joan behar izan dute Desocupacyl-ekoek.
Haiek joan direnean, Ertzaintzak, gutxienez, bi soraluzetar identifikatu ditu. Bietako batek adierazi du “garbi” laga nahi duela Ertzaintzak arbitrarioki identifikatu duela bera, harririk ez duela jaurti eta, oro har, poliziaren jarrera salatu du.
Etxebizitza sindikatukoen salaketa
Bestalde, etxearen kanpoko aldera bertaratu direnen artean, Debabarreneko Etxebizitza Sindikatuko kideak ere baziren. Salatu egin nahi izan dute beste etxegabetze bat gertatu izana, nahiz eta “etxegabetzerik gabeko estatu batean” bizi garen, legearen arabera.
Halaber, salatu dute “faxistak” kontratatu izana etxeko okupak kanpora botatzeko eta gaineratu dute “sistema kapitalista” batean gaudela, non “etxebizitzarako sarbidea ez dagoen ziurtatuta”; “gaur berriro ere ikusi dugu zelan egiten den talde faxista baten zuriketa poliziaren babesarekin, delinkuenteak babestuz eta haiei aurre egitera etorri direnei kontra egiten”, esan dute.
Adierazi dutenez, “hainbat lagun identifikatu egin ditu poliziak eta borrarekin mehatxu eta bultzakadak” ere egin dizkiete. “Ez dira onargarriak halako gertaerak. Salatu nahi dugu, baita ere, jende honek daukan pobreen kontrako gorrotoa”, esan dute.