Iker Aldazabal, EAJ-PNV: “Udal kudeaketaren balantze eskasagorik ez dugu azken urte hauetan ikusi”

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 20a, 12:03

Asteazkeneko udalbatzarra.

Asteazken honetako osoko bilkura baliatuta, oposizioak udal kudeaketaren orain arteko balantzea egin zuen. Iker Aldazabal ordezkari jeltzaleak luze egin zuen berba. 18 hilabeteko kudeaketaren errepasoa egin zuen eta oro har, adierazi zuen “udal kudeaketan, balantze eskasagorik” ez dutela “azken urte hauetan ikusi”. Labur esanda, salatu zuten Udal Gobernuak aurtengo aurrekontuan iragarritako inbertsio ugari (handiena barne) ez dituela gauzatu eta “herritarrek helarazten” dietela herrian “erabateko utzikeria” dagoela.

Urteko azkeneko osoko bilkurak ezohiko luzapena izan zuen, Galde eta Eskarien puntuan, ezustean, oposizioak Udal Gobernuaren 18 hilabeteko kudeaketaren balantzea egin baitzuen. “Normalean 100 egunera egiten da… baina erabaki genuen denbora gehiago eman behar zitzaiola Udal Gobernu berriari, ondorioz 2024.urtearen bukaeran egin dugu”, esplikatu zuen Iker Aldazabal jeltzaleak eta segidan, ia 50 minututan, orain arteko udal kudeaketaren errepaso xehea egin zuten.

Soraluzeko Udalaren webgunean argitaratutakoa baliatuta, lehenengo,  2023an egindako jardueren errepasoa egin zuen eta ondoren, 2024ko aurrekontu proiektuan jasotako inbertsioen eta proiektuen errepasoa, “zeintzuk garatu diren eta zeintzuk ez jakitzeko”. (JELTZALEEN BALANTZE OSOA BEHEAN IRAKURGAI).

Garatutako zenbait proiektu

Aurrekontuaren arabera garatutakoen artean, honakoak aipatu zituen, besteak beste(laburtuta daude):

  • Ur-txorroen parkea egokitzea.
  • Kiroldegiko frontoia margotzea
  • Katamarran Haur Txokoa
  • Parkeak berritu: Estaziñokoa
  • Kolunbarioak
  • Hirigintza azterlanak: kiroldegiko efizientzia energetikoarena, musika eskolarako proiektua, Gabolatseko igogailu berriaren proiektua, Erregetxeko orubearena eta Lersundiko Jauregiarena.
  • Etxebizitza diagnostikoa
  • Kultur artelanak erostea

Garatu gabekoak

Garatu gabe geratu diren proiektuen artean, berriz, honakoak aipatu zituen:

  • Kalebarren 24ko eraikina eraitsi (Plaza Zaharreko etxetxoa)
  • Familien esku-hartzeko hezitzaileak (2024ko aurrekontuko inbertsioetako partidarik handiena)
  • Kiroldegiko padel pista estali
  • Komunikazioa hobetzeko app-a
  • Hirigintza azterlanetan: futbol zelaiko aldagela-taberna berritzeko proiektua
  • Kontsumitzaileen bulegoa
  • Gazteendako lokalak
  • Komun publikoak

Horri guztiari zenbait batzorderen jardunaren irakurketa gehitu zion ordezkari jeltzaleak, batik bat, gabeziak azaleratuz.

“Udaltzaingoaren zerbitzu eza”

Garapen Ekonomikoko Batzordea: “18 hilabetetan 2 deialdi izan ditugu. Azkena ekainaren 11an. Pertsona bat kontratatu da Enpresekin harremana dinamizatzeko, Bizikalerekin hartu-emanean sendotzeko eta gizarte/ laneratze prozesuak bultzatzeko helburuarekin. Ez daukagu lanketa honi buruzko informaziorik”.

Pertsonaleko Batzordea: Langileen lanpostuen balorazio ekonomikoaren prozesuaren amaieraren berri ez dute eman. Eta “Udaltzaingoaren zerbitzua edota hobeto esanda udaltzaingo zerbitzu eza (…) desastre bat izan da”. 

Ogasuneko Batzordea: Abenduan gauden honetan ez da aurrekontuaren zirriborrorik  aurkeztu. 
San Andresko murala eta Merlin

Adostasunaren apurketa

Azkenik, “alderdien arteko adostasunaren apurketa unilaterala” salatu zuen hiru gaitan:

  • Zinegotziek batzorde eta plenoetan parte hartzeagatik jasotzen dituzten dieten zenbatekoak aldatu izana. 
  • Bizikidetza mahaia. San Andreseko murala. “Alkateak unilateralki, San Andreseko frontoian murala egiteko baimena eman zuen. Bizikidetza mahaia osatzen dugun( EAJ/PNV eta PSE-EE-ko ordezkarien) iritziaren aurka”.
  • Merlin proiektua. Aurreko agintaldian adostu zen proiektuaren inguruko kanpo komunikazioari dagokionean, austura eman da. Alkateak; Oleako eta Zuloagako presen erabakiaren berri, urriko Pil Pilean herri aldizkarian egindako elkarrizketan eman zuen.Ondoren, Azaroko alean, beste alderdiok, gure eritzia eman behar izan genuelarik.

Bi liberaturekin

Esandakoak borobiltzeko, Iker Aldazabalek azpimarratu zuen “balantze eskasagorik” ez dutela “azken urte hauetan ikusi”, gaineratuz, Udal Gobernuak 2 pertsona dituela liberatua eta gehiengo absolutua”. Halaber, 2024lo aurrekontuaren exekuzio maila zein den jakitea ere eskatu zuen.

Piboteak eta beste

Aparte, gaineratu zuenez, “herritarrek helarazten” diete “herri mailan” erabateko utzikeria dagoela. Eta hiru kontu nabarmendu zituen adibide modura:

  • Alde zaharreko piboteek oraindik izorratuta jarraitzen dute
  • Zakarrontziak. Auzoetakoak falta dira
  • Patinete elektrikoak erregulatzeko ordenantza falta
  • Bidegorriko ponien egoera…

“Azken 8 urtetan, oposizioan egotetik, orain azken 18 hilabete hauetan, Udal Gobernuan egotera igaro zareten honetan, orain jabetu zarete zein den udalerriaren benetako errealitateaz eta erabakiak hartzeak suposatzen duenaz.  Arestian, erabakiak irizpiderik gabe, hausnarketarik egin gabe, “a salto de mata” hartzen genituela leporatzen zeniguten…Zer esango dugu guk orain???”, esan zuen Iker Aldazabalek.

PSE-EE: SAPArako azpiegitura

Patricia Borinaga sozialistari dagokionez, berriz, hark askoz ere irakurketa laburragoa egin zuen. Batetik, 2025ko aurrekontuaren zirriborroa oraindik eduki ez izanaz kexua helarazi zuen eta besteak beste, esan zuen nahiko zukeela jakin ea SAPA barrurako ekipamendurik aurreikusi den, uste baitu, orain dagoen moduan, ez duela “askorako balio”.

“Bizirik daude eta lanean gaude”

Oposizioaren txanda amaituta, Udal Gobernuko ordezkariek hartu zuten hitza, baina labur jardun zuten, batik bat, Unai Larreategi alkatea ez zegoelako udalbatzarrean -gaixo zegoen-, eta esan zuten ez dela zilegi alkatearen izenean berba egitea. Hala ere, alkateorde lanetan ibili zen Maite Quintanillak esan zuen, besteak beste, eurek ez zutela urteko balantzerik ekarri eta uste zuela horretarako momentua ez zela. 

Jone Alberdi Kirol zinegotziak, berriz, erantzun zuen gauza batzuk egin ez izanak ez duela esan nahi egingo ez dituztenik, atzeratu egin direla, baizik. “Bizirik daude eta lanean gaude”. 

EAJ-PNV-REN BALANTZE OSOA HEMEN IRAKURGAI