alokairurako etxebizitzak

Udalak eta Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzen laguntzeko

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 13a, 11:31

Miguel de los Toyos Etxebizitza sailburuordea, Unai Larreategi alkatea eta Patricia Borinaga zinegotzi sozialista, gaur goizean.

Gaur goizean, barikua, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Miguel de los Toyos eta Juan Carlos Abascal Lurralde plangintzako sailburuoreak Soraluzen izan dira. Lehenik, Unai Larreategi alkatearekin eta Patricia Borinaga zinegotziarekin elkartu dira eta hitzarmena sinatu dute herrian hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu eta alokairu erregimenean merkaturatzen laguntzeko helburuz.

Gaur, goizean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko sailburuorde eta Alokabideko lehendakariorde Miguel de los Toyosek eta Soraluzeko alkate Unai Larreategik hitzarmena sinatu dute “hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko, gure biztanleriako sektore sozial garrantzitsu batzuek etxebizitza duin eta egoki batez gozatzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten”.

Hitzarmenaren arabera, Bizigune eta ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programetara atxikiko da Soraluzeko Udala.

Biziguneren bermeekin merkaturatu

De los Toyos sailburuordeak esplikatutakoaren arabera, gaur sinatu duten hitzarmenaren bitartez, “kolaborazio markoa” sortu nahi dute Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean Bizigune programa “modu koordinatuan” abian jartzeko. Haren bitartez, Soraluzen alokairuzko erregimenean merkaturatzeko moduan dauden ahalik eta etxe gehien merkaturatu nahi dituzte, Bizigunek ematen dituen bermekin. Ondorengoak dira bermeak:

  • Etxebizitzaren jabeari bermatzen zaio etxebizitzaren egoera ona mantenduko dela. “Hau da, maizterrek ez dute kaltetutako etxebizitza bat bueltatutako, ze etxebizitza kaltetuta baldin badago, Jaurlaritzak bermatuko du, Bizigunek indarrean dirauen 6 urteen ondoren, jabeari etxebizitza berak lagatako egoera berean bueltatuko zaiola”, esan du sailburuordeak. 
  • Bermatzen da, baita ere, errenta-kanona kobratu egingo dela sei urtez. Hau da, etxebizitzaren jabeak hilero izango du errenta ziurtatuta. Gehienez jota da 675 euro hileko -tokian tokiko udalerriko prezioen arabera da tope hori-. “Akaso merkatuaren azpitik egon daiteke prezioa, baina bermatzen da hilero-hilero, 6 urtean, kobratu egingo dela. Ze Jaurlaritzak ordaintzen dio jabeari eta ez maizterrak. Jaurlaritzak jartzen du maizterra eta hark Jaurlaritzari ordainduko dio alokairu soziala (…). Jendeak alokairuzko merkatu librera jo dezake, prezio altuagoak ditu hark, baina baita arrisku gehiago ere, gerta daitekeelako etxebizitzaren jabeak errenta ez kobratzea hainbat hilabetez. Edo bestela, jendeak jo dezake babestutako alokairu merkatura, akaso baxuagoa da, baina seguruagoa”.

Jabeekin kontaktatuko dute

Laburbilduz, De los Toyosek azpimarratu duenez, nahi dutena da “Udalaren eskutik, babestutako alokairuzko merkatu horretara irten daitezkeen ahalik eta etxe gehien detektatzen ahalegintzea, eta, haien jabeekin kontaktatzea ikusarazteko etxebizitza horiek lasai merkaturatu ahal izango dituztela”. 

Ildo beretik, Unai Larreategi alkateak jakinarazi du Soraluzeko Udalak etxebizitza dinamizatzaile bat kontratatuko duela hiru hilabeterako -urtarrila, otsaila eta martxoa- eta besteak beste, hark egingo dituela bitartekari lanak etxejabearen eta Alokabideren artean.