Presen auzia

PSE-EE: "Presek ezin dute kondizionatu herriaren garapen urbanistikoa"

Egoitz Unamuno 2024ko abe. 7a, 12:06

Patricia Borinaga. Argazkia:PSE-EE.

Alderdi sozialistak uholde-arriskua murriztea jotzen du lehentasuntzat, presek etorkizuneko hirigintza proiektuak baldintza ez ditzaten.  

Sozialisten iritziz, udal-gobernuak “era prezipitatuan” komunikatu du bide-orria eta eskertuko zuketen “beste modu batean" egin izan balu, "oposizioari haren berri emateko azken momentura arte itxaron gabe”. 

Gainerakoan, Patricia Borinaga bozeramailearen ustez, erabakia ez da “nobedadea” izan. Bere esanetan, “aukera hau mahai gainean zegoen udal-hauteskundeen aurretik ere” eta "gainera aktuazio honek ez du soluzionatzen ez ingurumen helburua, ez eta uholde-arriskua murriztearena ere". 

Uholde arriskua murriztea lehentasun

Borinagaren iritziz, aldundiarekin adostutako bide-orriak “lehen fase bat” izan behar du eta ostean, “eseri, debate serio bat izan eta erabaki behar da zer egin". Erabakia lehenbailehen hartzeko premiaz ere ohartarazi du: "Ezin dugu pasatu beste bi urte erabaki bat hartzeko”. 

Sozialistentzat garrantzitsuena da proiektua garatzea eta uholde-arriskua murriztea, faktore horrek  hirigintza-planak baldintzatzen dituelako. “Uholde-arriskua murriztea faktore determinantea da herriaren garapen urbanistikorako eta murriztu ezean, eragin negatiboa izan dezake 2017ko Hirigintza Plan Orokorra eta 2020ko Olaldeako Planaren garapenean. Plan horiek aho batez onartu ziren eta bagenekien udalez gaindiko eskaerak zituztela, bete beharrekoak direnak. Presek ezin dituzte kondizionatu herriaren garapenerako berebiziko garrantzia duten hirigintza planak”.