Presen auzia

EAJ: "Eskatzen dugu presen proiektuak daudenean, publiko egitea eta herri-galdeketa bidez berrestea"

Egoitz Unamuno 2024ko abe. 7a, 12:20

EAJren udal-taldeko kideak presen gaineko dokumentuak aztertzen. Argazkia: EAJ.

Jeltzaleek eskatu dute presa bakoitzaren gaineko proiektua zehaztea, publiko egitea eta ondoren, proiektu bakoitza herri-galdeketa bidez berrestea eta pauso horiek eman bitartean presa guztiak "daudenetan mantentzea".

Jeltzaleen esanetan, alkateak “unilateralki” adostu du bide-orria aldundiarekin, EAJrekin “ezer” adostu gabe, eta beronen “komunikazioa ez da, orain arte bezala, udaletxean ordezkaritza daukagun alderdiekin adostu”. Jeltzaleen esanetan, bide-orria ez du Udalak adostu, "alkateak" baizik eta ondoren, alde bakarrez publiko egin izanak, orain arteko adostasuna "puskatu” du.  

Proiektuak herri-galdeketa bidez berrestearen alde

Bide-orriaren mamiari dagokionez, EAJk azpimarratu du “eztabaida gutxien sortzen duten ur-jauziak eraistea” erabaki dela, “eztabaida gehien sortzen duten ur-jauzien erabakia atzeratuz, 2025era”. Jeltzaleen ustez, “irtenbide partziala” da, “denbora irabazteko helburuarekin” hartu dena eta ohartarazi dute erabakitakoak ez duela “herri mailako uholde arriskua ekiditen”.  

EAJk aitortu du presen auziarekiko iritzi ezberdinak dituztela alderdi barruan eta azaroan, alderdikideekin egindako asanblean, finkatu dutela alderdiaren iritzia hemendik aurrera eman beharreko pausoen inguruan. Ondorengoak dira EAJk proposatzen dituen pausoak: “Eraitsi behar diren hiru ur-jauzien proiektua esku artean daukagunean, publiko egin, soraluzetarrok egin behar denaren informazio zuzena eta zehatza izan dezagun. Ondoren herri-galdeketa egin". Horrekin batera, EAJk eskatu du "pauso hauek ematen ez diren bitartean, ur-jauziak daudenetan mantentzea".