Txalo-zaparrada euri-zaparradari gailendu zitzaion Santa Zeziliaren emanaldian

Ander Gomez 2024ko aza. 21a, 07:45

Azaroaren 22an izango da Santa Zezilia eta, ohi bezala, atzo (eguaztena) irten ziren Soraluzeko Musika Eskolako ikasleak Musikaren Eguna ospatzera. Euria zela-eta, ordea, aurreikusitako kalejiraren programazioa apur bat moldatu eta karpan eskaini zuten kontzertutxoa.

Kalez kale ibili beharrean, Plaza Zaharreko karpapean elkartu ziren ikasle, irakasle eta talde guztiak: Triki eta pandero taldea; Musika eta Mugimendua, Musika Kantuz, Musika Hizkuntza eta Musika Sorkuntza taldeak; perkusioko ikasleak; banda eta txaranga... Emanaldi ederra eskaini zuten, kantu desberdinak interpretatuz eta instrumentu pila erabiliz. Familia eta lagunek ez zuten hitzordua galdu eta, musika eta dantza saioek iraun zuen bitartean behintzat, txaloa euriari gailendu zitzaion. Ikasleak pozik joan ziren etxera, egindako lanaren ostean eta, batez ere, bukaerako txoripanarekin tripa bete ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.