Bihar, eguena, 11:00etan abiatuko da Bilboko plazatik Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) deitutako manifestazioa. Soraluzen, asteleheneko elkarretaratzean ere egin zuten bertaratzeko deialdia.
Bertan azaldu zutenez, “2025erako EAEko aurrekontuek pertsona guztiei eta bereziki adineko pentsiodunei bizi-baldintza duinak” bermatzea aldarrikatuko dute. Eta uste dute ez dagoela arrazoirik ez egiteko: “Dirua badago, baina gaizki banatuta dago lan errenten kontura kapital errentei mesede egiten dien fiskalitateagatik; egin dezakete, eta egiten ez badute, ez dutelako nahi eta beste lehentasun batzuk dituztelako da”.
Herri Ekimen Legegilea
Protesta egiteaz batera, biharko mobilizazioa ospakizunerako ere baliatuko dute, “EHPMk proposatutako Herri Ekimen Legegilea tramitera onartu” izanagatik. Ildo beretik, herritarrei dei egin diete Herri Ekimen Legegilearen alde sina dezaten eta Legebiltzarrari, berriz, haren aldeko botoa eman dezan.
Soraluzen, asteleheneko elkarretaratzean 42 lagunek parte hartu zuen.