Avanza (PESA) enpresako langileek greba gehiago iragarri dituzte

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 5a, 13:07

Atzo, astelehena, manifestazioa egin zuten Arrasaten Avanzako langileek. Argazkia: Goiena.

Atzo, astelehena, bukatu zen Avanza enpresako (lehenagoko PESA) langileek egin duten hiru eguneko greba. Esan dutenez, protesta “arrakastatsua” izan da eta orain, “enpresak ez badu komitea deitzen eta bere eskakizunekin bat egiten, greba gehiagotara edota greba mugagabera” joko dute.

Hiru egunetan egin duten grebaren balorazioa eginez, Avanza enpresako Langileen Batzordetik azpimarratu dute langileek “argi” utzi dutela ados daudela “komiteak eskatzen duenarekin”. Halaber, adierazi dute “lan baldintza duinak eta segurtasun bermeak jasotzen ez duen hitzarmenik ez dutela onartuko”.

Hori horrela, jakinarazi dute “hurrengo mobilizazioak” prestatzen hasita direla eta ez dutela baztertzen greba mugagabera jotzea, “oraingo honetan ez badute hitzarmen duin bat lortzen, ez dute etsiko beraien eskakizunetan”, diote.

Avanzako Enpresa Batzordea 14 ordezkari sindikalek osatzen dute, 6 ELA, 6 UGT, 1 LAB eta 1 AURRERA. Langileak guztien adostasunarekin ari dira protestak egiten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.