Presen auzia

Arturo Elosegi (Merlin): "Erabakia norabide egokian doa"

Egoitz Unamuno 2024ko urr. 25a, 13:00

Arturo Elosegi.

Arturo Elosegi EHUko Ingurumen katedradun eta Merlin proiektua zuzentzen duen taldeko kideak presen auzian Udalak eta Aldundiak adostu duten bide-orriaren gaineko iritzia eman du ondorengo elkarrizketan.  

Merlin proiektua kudeatzen duen taldeari zer iruditu zaio Udalak eta Aldundiak adostu duten bidea? 

Erabakia norabide egokian doa. Orain urtebete hartu izan balitz hobea litzateke proiektuarentzat, baina erabaki honek behintzat denbora luzeegian trabatuta izan dugun egoera askatzen laguntzen du.   

Erabakiak zer eragin izango du Merlinen proiektuan? 

Honi esker, MERLIN proiektuan aurreikusita zeuden lanak neurri handiagoan burutu ahal izango dira. Guztira 10 presa eraitsi nahi ziren, jada 4 daude eraitsita, eta datorren urterako espero dugu guztira beste 4 eraitsi ahal izatea, haien artean Soraluzeko bi hauek.

Botako diren bi presak, Zuloaga eta Olea, noiz botako dira? Eta osorik ala partzialki?

Aldundia da presak eraitsiko dituena eta, beraz, beraiena da ardura eta erabakia, baina MERLINen asmoak hasieratik izan dira Zuloagako presa osorik kentzea eta Oleakoaren eskuin erdia eraistea. Ezker erdia bertan geratuko da, ondarearen lekuko.