Zer balorazio egiten duzue erabakiaz?
Prozesu honetan zehar Udalaren eskutik joan gara, beraz informazio trukaketa arina eta aberasgarria izan da, baina beti udal autonomia kontuan hartuta. Ibaiak lehengoratzeko bidean aurrera egitea ahalbidetzen duen irtenbidea da, eta, aldi berean, hausnarketarako denbora ematen du etorkizuneko jarduketei ekin aurretik. Presen inguruan ikuspegi asko eta anitz daude eta erabakia adostua izatea ez da erraza izan.
Botako diren bi presak, Zuloaga eta Olea, noiz botako dira? Osorik ala partzialki?
Horrelako obrak ur-emari txikiekin egin behar dira, beraz, gure asmoa datorren urteko uztaila eta urria bitartean jardutea izango litzateke. Hala ere, lan-administratibo handia dago aurretik, eta epeak luza litezke. Kasu horretan, 2026ko udara atzeratu beharko litzateke. Zuloaga ez da benetan presa bat, ibaia zeharkatzen duen hodi bat baizik. Kondukzio hori jada ez dabilenez, erabat eraitsiko da. Oleari dagokionez, presa erdia botatzea aurreikusten, hain zuzen ere, Deba ibaiaren eskuin ertzaren ondoko zatia. Irtenbidea, Ondare Sailarekin batera hartu da. Ibaiaren lehengoratzea ez da guztiz lortuko, eta ondarekoak, zati bat botatzearekin amore eman dute.
Botako ez diren presa biak Aldundiak Gipuzkoako ibaiak lehengoratzeko duen planean sartuko dira?
Aldundiaren planean jarraituko dute, Merlinetik kanpo bada ere. Aurrekontuak eta lehentasunak direla eta, zaila da zehaztea zein epetan ekin ahal izango zaien jarduera horiei, baina kontuan izan behar dugu aurtengo ekainean Europako Kontseiluak Natura Lehengoratzeari buruzko Erregelamendua onartu duela hemendik 2030era, eta haren helburuen artean EBn 25.000 km ibai berreskuratzea dagoela.