Presen auzia

Unai Larreategi (alkatea): "Presena patxadaz pentsatu eta egin beharreko eraldaketa da, herriari ekarpen hobea egin diezaion"

Egoitz Unamuno 2024ko urr. 25a, 13:00

Unai Larreategi alkatea. Argazkia: Fernan Oregi.

Unai Larreategi Azurmendi alkateak presen auzian Aldundiarekin adostutako bide-orriaren nondik norakoak azaldu ditu Pil-pileani eskainitako elkarrizketan. 

Parte-hartze prozesuaren ondorioetan nabarmentzen zen presak "kaltegarriak" direla ibaiarentzat baina Udalak ezetz esan dio Merlinen ibaia lehengoratzeko proposatutako proiektuaren zati garrantzitsu bati. Beste arrazoi batzuk lehenetsi dira ingurumenaren gainetik? 

Esango nuke ez dela izan leheneste ariketa. Parte hartze prozesuan beste ondorio batzuk ere atera ziren eta guztiak kontuan hartuta heldu gara ondorio horretara. Aldundiarekin adostu dugun planteamenduan garbi diogu presak era batera edo bestera ukitu egin beharko direla, Plan Orokorrak (HAPO) hala jasotzen duelako. Horrez gain, bertan jasotzen da faunaren igarobidea erraztu egin behar dela. Beraz, Merlinek proposatu duen gauza bera da eta Udalak hori laguntzeko disposizioa dauka. Hala ere, pentsatzen dugu Merlinen proiektuak dakarrenaz gain, badirela beste faktore batzuk hasieratik egon behar dutenak proiektuan, proiektu osoa izan dadin. Bestela, erraztuko da iragazkortasuna eta faunaren igarobidea baina ez dira aztertuko beste hainbat kontu. Esaterako, diogunean ibaiertz berri batzuk sortuko direla edo ondarea balorean jarri behar dela, gure ustez helburu horiek kontenplatuta egon behar dute proiektuaren barruan. Zer egin nahi dugu eremu horretan, ze erabilpen, ze biodibertsitate? Zehaztu dezagun. Ematen du debatea dela presak zenbat zentimetro bajatuko ditugun baina badira beste hainbat elementu ibaiaren bizigarritasunean eragiten dutenak. Azter ditzagun. Adibidez, Plaza Zaharrean planteatzen diren harmailak, elementu berri eta garrantzitsua izango dira plazentziatarrok ibaiarekiko kontaktu zuzenago bat izateko. 

Merlinen bitartez zetorren diru bat bueltatu egin beharko da? 

Bai eta kontuan izan dugu erabakia hartzerako orduan, baina presena patxadaz eman beharreko eraldaketa da eta hori ez diogu guk bakarrik. Merlinek planteatu du Deba ibaian hamar presetan eskuhartzea baina hamar presa horiek botata ere, ibaian beste hainbat oztopo handi geldituko dira, adibidez, Elgoibarren eta Osintxun. Beraz, ibaia lehengoratzea urtetako prozesua izango da eta testuinguru horretan, gure ustez, hobe da korrika ibiltzea baino denbora pixka bat hartzea proiektuak ekarpen hobea egin diezaion herriari. Aldundiak berak ere, helburuak 2030era begira ezarri ditu eta epe horretara ailegatu nahi du ahalik eta pausorik gehien emanda. Planteamendu horretan hobeto enkajatzen du gureak. Hemen ez da ezer amaitzen, gure bi presak eta beste hainbat, berbetagai izango dira datozen urteetan. Guretzat jarraipen bat da lehendik datorren ibilbidean. Ibilbide hau Plan Orokorra onartu zenean hasi zen, gero etorri zen Merlin eta orain, beste fase batean sartu gara. 

HAPOa hartu duzue planteamenduaren oinarritzat. Zergatik? 

Soraluzeko HAPOa, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, 2017an onartu zen udal-talde guztien, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren oniritziarekin. Bertan jasotzen dira Soraluzek etorkizun bizigarriagoa izateko proiektuak eta jarraibideak eta berebiziko garrantzia du horiei kasu egiteak. Soraluze ibaiari lotutako herria da, bi ertzetan bizi da jendea eta beti izan dugu harremana ibaiarekin. Horregatik jaso ziren Plan Orokorrean ibaiarekin lotutako hiru aspektu: uholde-arriskua, ondare ikuspegia eta ingurumena. Horrek alde guztiak konprometitzen gaitu hiru faktore horiek kontuan izatera. Hor baldin badago oinarrizko adostasuna, uste dugu aurrera begira ere, hori dela oinarria.   

HAPOa ez betetzeak zer lekarke?

Ura Agentziak eginak ditu estimazio batzuk uholde arriskuen inguruan eta ondorioz, aktuazio urbanistikoei begira zehazten dute non eta zer eraiki daitekeen. Adibidez, Ura agentziak baimena eman du SAPAn aterpea egiteko, nahiz eta euren zerrendan uholde-arriskua duen gunea izan. Zergatik? Ba, ez delako bizitzeko gune bat eta irekia delako. Alegia, noizbait urak hartuko balu, ez luke kalterik eragingo. Ostera, bestelako erabilpen bat izango duten proiektuak garatzeko, Olaldean edo SAPAn bertan, exijentzia zorrotzagoa da eta bete ezean, Ura agentziak ez du baimenik emango. 

Ostera, HAPOak ez du zehazten presen altuera zenbat jaitsiko den. Hori nola zehaztuko da?

HAPOak marko orokorra ezartzen du eta zehazten du hiru faktore zaindu behar direla: izaera urbanoa, permeabilitatea eta uholde-arriskua. Beraz, etorkizunean hiru faktore horiek kontuan hartuta zehaztuko beharko da zer den optimoena. Adibidez, Ura Agentziak Gabolatsen eraikiko duen zubi berriak uholde-arriskua txikituko du eta hori ere kontuan izan beharko da.  

Baina ur-xafla mantentzea eta faunaren igarobidea erraztea ez dira kontrajarriak? 

Ez du zertan. Esaterako, Merlin proiektuak berak planteatu zuen Malmeron presak beheraino ez bajatzea eta erdian metro beteko altuerari eustea, arranpa bat eginez, igarobideaz gain, ur-xafla ere kontuan hartzen zuelako. Olabarrenan ere, hasieran hala planteatu zuten baina ondoren ez zuten posible ikusi arranpa egitea eta planteatu zuten beheraino jaistea. Orain hasiko dugun fase berrian, aukera denak mahai gainean izango ditugu eta hiru faktoreak kontuan izanda erabakiko da.  

Irizpidea berbera izango da Olabarrenan eta Igaretan? 

Nik esango nuke denok ere garbi daukagula zentralitatea erdiguneko presan dagoela, Igareta/Malmeronekoan. Parte hartze prozesuan ere garbi ikusi zen hori. 

Zein da bermea Aldundiarekin adostu dena betetzeko?

Denok dugula interesa. Aldundiak nahi du datozen urteetan ibaiak iragazkor bihurtzea, ingurumen aldetik hobetzea eta ondarea zaintzea. Udalak ere bai. Gainera, Udalak ibaiarekiko harremana berreskuratzeko aktuazioak egin nahi ditu, adibidez, Plaza Zaharreko harmailak edota garapen urbanistikoa Olaldean, proiektu horiek zerikusi zuzena dute presekin.     

Zein dira epeak?

Agintaldi honetan erabaki beharko genuke presekin zer egin nahi dugun. Hilabete batzuen buruan, gai izan beharko genuke proiektua zehaztu eta herritarrei aurkezteko. 

Zuloagako eta Olako presak noiz botako dira? 

2025ean. 

Osorik?

Zuloagakoa bai. Olakoan, aurreikusten da parte bat bakarrik botatzea.

Oleakoa ere babestutako beharreko elementutzat jotzen du HAPOk baina hala ere partzialki eraistea onartu da. Zergatik?

Parte hartze prozesuan adierazi genuen moduan, HAPOak ibai parke bat egiteko moduko lekutzat izendatzen du Oleako presaren ingurua baina HAPOa onartu ostean, Udalak baloratu zuen Liñazibar leku egokiagoa zela eta ondorioz, Udalak han egokitu zuen parkea.

Gure Deba Ibaia taldeak 600 herritarren sinadurak aurkeztu zituen erreferenduma eskatuz. Udalak zer iritzi du horren inguruan?

Udalak ez du esan herritarrei galdetuko ez dienik, beste gauza bat da zer eta nola galdetu eta hor, ikuspegi diferenteak ditugu. Aurrera begira, gu beti egongo gara prest parte hartze modu ezberdinen bitartez herritarren iritzia jasotzeko, modu horietako bat da galdeketa egitea eta aukeretan hor egongo da.