100 ikasle ingururekin hasi du ikasturtea Soraluzeko Musika Eskolak

Ubane Madera Zangitu 2024ko ira. 12a, 10:15

Soraluzeko Musika Eskolan ere hasi dute 2024-2025 ikasturtea. 100 ikasle inguru matrikulatu dira, umeak gehienak baina baita helduak ere. Izan ere, 4 urtetik aurrera, nahi duen edozeinek ikas dezake bertan. 18 instrumentu ikasteko aukera dago, baita musika hizkuntza, sorkuntza, mugimendua eta kantua ere. 

2024-2025 ikasturtean, 18 instrumentu ikasteko aukera izango da Soraluzeko Musika Eskolan: klarinetea, saxofoia, pianoa, gitarra elektrikoa eta gitarra klasikoa, soinua, trikitia, panderoa, txistua, zeharkako txirula, biolina, tronpeta, tronboia, bateria eta perkusioa, baxu elektrikoa, bonbardinoa eta gaita nafarra.

Horrez aparte, musika hizkuntzarekin lotutako ikasgaiak ere badira aukeran, Musika Kantuz, Musika Hizkuntza, Musika Sorkuntza eta Musika eta Mugimendua.

Kalejirak, jaialdiak…

Eta ikasitakoa praktikan jartzeko, konboetan parte zein ikasturtean egiten diren bestelako ekitaldietan parte hartzeko aukera dute ikasleek. Esaterako, laster hasiko dira aurtengo Blues Hotsak jaialdirako saio berezia prestatzen. 

Guztira, 12 irakaslek jardungo dute musika eskolan. Haien artean,bi berritasun daude. Batetik, flauta irakasle berria izango da aurten, Arrasateko Susana Taracido. Bestetik, Mikel Arrieta eibartarrak, gitarra elektrikoa ez ezik, gitarra klasikoa ere erakutsiko du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.