Oreka Art Gallery

Alberto Ramirez: "Pertsona handi eta humano batek laga gaitu, artista moduan akatsik gabekoa"

Ubane Madera Zangitu 2024ko eka. 17a, 10:57

Koldobika Jauregiren heriotzaren berri izan denetik, dolumin mezu ugari ari dira plazaratzen komunikabideetan zein sare sozialetan. Soraluzen ere, tristura sakona erakutsi du Alberto Ramirezek, Koldobika Jauregiren azken erakusketa antolatu duen Oreka Art galeriako arduradunak. Barikuan, hantxe izan zen artista bera, "gustura" Soraluze moduko herri txiki batean, berak esan zuen moduan. HEMEN klikatuta berari egindako azken elkarrizketa entzungai. Oraingoz, zabalik segituko du Soraluzeko Oreka Art galeriako erakusketak.

Barikuan inauguratu zuen bere azken erakusketa zendu berri den Koldobika Jauregi artistak, Oreka Art galerian. Lagunez, bestelako artistez eta erakusketa ikustera joan ziren soraluzetarrez inguratuta, apaltasunetik Soraluzera ekarri zituen obren gaineko xehetasunak eman zituen eta gertutasunetik, Soraluze moduko herri txikietako bizilagunak gonbidatu zituen herrian bertan berarena moduko erakusketa handi bat ikustera, arte sozialarekiko konpromisoa erakutsiz. 

"Konprometitutako gizona"

Bi egun geroago hil egin da Alkizako artista. Ugariak dira haren izaera zein artista ibilbidea goraipatuz plazaratzen ari diren mezuak. 

Soraluzen ere, hala egin du Koldobika Jauregiren azken erakusketa antolatu duen Oreka Art galeriako Alberto Ramirez ugazabak, esaterako: “Barikuan bizitzaz betetako gizona zen, inaugurazioaren ondoren afaltzen egon ginen. Pertsona handi eta humano batek laga gaitu, artista moduan akatsik gabekoa, lehen mailako ibilbidea egin zuen Euskal Herrian zein kanpoan. Inaugurazioan esan nuen moduan, bere garaiarekin, gaur egungo testuinguruarekin konprometitutako gizona zen, hori beti bere obran islatuz”.