Espainiako CIS etxearen arabera, 2021ean Espainiar Estatuko herritarren %55,4ak bere burua katolikotzat zuten eta 2024an, berriz, kopuru hori apenas ailegatzen den %50era. 1978an, datuak biltzen hasi zirenean, berriz, %90,5ak aitortzen zuen bere burua katolikotzat.
Agnostikoei, ateoei edo indiferenteei dagokienez, berriz, boskoiztu egin da halakoen kopurua eta %7,6 izatetik %39,3 izatera pasa ziren 2021ean, 2024an %44,1era iristeraino.
Euskal Autonomia Erkidegoko datuak antzekoak dira. 1985ean, herritarren %81ak katolikotzat zuten euren burua, %1 zen beste erlijio batzuetakoa eta %17 ziren ez fededunak. 2202an, berriz, %55era jaitsi zen katoliko kopurua, %5era handitu da bestelako erlijioetako fededunak eta %40raino ez fededunak.
Hileta laikoek gora
Horrek ondorioak ekarri ditu herritarren zenbait ohituratan. Besteak beste, denoi eragiten diguten hiletetan.
Orain dela 15-20 bat urtera arte, hileten ia %100a (ehuneko ehuna ez esatearren) elizaren bitartez egiten ziren. Gaur egun, berriz, gero eta gehiago dira hileta zibilak egiten dituztenak, bakoitzak bere erara.
Hileta zibilak, laikoak edo akonfesionalak egiteko moduetako bat da ehorztetxeek eskaintzen dituzten zerbitzuak erabiltzea.
Adibidez, tanatorioko gela batean egitea hildakoari azken agurra. Gainera, azken agur hori norbere beharretara egokitu daiteke; egin daiteke horretarako propio dagoen pertsona batek gidatuta edo zeremonia pertsonalagoaren bitartez. Ehorztetxeek eskaintzen dituzten zeremonien artean, tematikoak ere badaude, hildakoaren nortasunera egokitutakoak (musikalak, bidaien gainekoak…).
Bestalde, azken agur hori hilerrian emateko aukera ere eskaintzen dute ehorztetxeek, gorpua erre barik, hildakoa lurperatu nahi dutenentzat.
Badira, hildako senideari azken agurra tanatorioan eman eta hiletarik egiten ez dutenak ere, eta baita hileta zibil pribatuak edo publikoak egiten dituztenak ere. Hori dela eta, azken urteotan, hileta zibilak arautzeko ordenantzak onartu eta aktibatu dituzte udalerri askok, horien artean Soraluzeko Udalak.
Hileta laikoen ordenantza Soraluzeko Udalean
Soraluzeko hileta zibilen ordenantzan jasota dagoenez, Estatu akonfesional edo laiko batean, erakundeek bermatu behar dute pertsonen eta komunitateen askatasun ideologikoa, erlijiosoa eta gurtzekoa. Gaineratzen duenez, "ezaguna" da gure gizarteak "zer nolako aniztasun ideologiko, erlijioso eta kulturala duen" eta "hileta zibilak egitea eskaera sozial bat" eta horri erantzun nahian, "xede horretarako gune publikoen egokitzapena" arautu du.
Soraluzeko kasuan, hileta zibilak frontoian edo hilerrian egin daitezke, beti ere, leku horiek beste erabilera batentzako erreserbatua ez baldin badaude, eta "aparteko egoeretan baimena eman ahal izango da beste lokal edo espazio publikoren bat erabiltzeko". Ordutegiari dagokionez, astelehenetik zapatura, 18:00etatik 20:00etara egin ahal dira eta zapatuetan, 12:00ak eta 14:00ak bitartean ere bai.
Hiletaren antolaketa eta gastuak eskatzailearen kontura izango dira, baina Udalak gutxieneko materiala lagako du: megafonia-ekipoa, hilkutxa jartzeko euskarria eta aulkiak (gehienez, hamar) eta udal langileen laguntza izango da ekitaldian.
2021ean eta 2022an, hileta zibil publiko bana egon zen frontoian.
Errausketa debekatuta
Bestalde, hiletetan ez ezik, hildakoaren gorpuari ematen zaion tratamenduan ere aldaketak izan dira.
Kristautasunak V. mendean debekatu egin zuen kremazioa. Horren ondorioz, mendetan, kristauen hildakoak lurperatu egin izan dira, salbuespenak salbuespen. 1963an arte segitu zuen indarrean kremazioak egiteko debekua, Pablo VI. Aita Santuak debeku hori altxatu zuen arte. Are gehiago, 1966an apaiz katolikoei errausketa-elizkizunak egiteko aukera eman zieten. Parrokia katoliko batzuek "zinerarioak" eraiki dituzte, fededunek euren maiteen errautsak zeremonia sinple batean "sakratuan" uzteko.
Kolunbarioak Soraluzeko hilerrian
Gaur egun, gehiago dira lurperatu barik gorpuak errausten dituztenak. Eta horren eragina bestelako zerbitzuetara ere zabaldu da. Esaterako hilerrietara.
Soraluzeko hilerrian, orain arte, errautsak lagatzeko leku ofizial bakarra egon da, Arbasoen Baratza. Aurrerantzean, berriz, beste bat ere izango da. Hainbat herritarren eskariari erantzunez, Soraluzeko Udala 20 kolunbario bikoitz ari da egokitzen, eta, maiatza inguruan erabilgarri izango dira.
Beste aukera bat da errautsak familiaren nitxoetan zein panteoietan sartzea. Asko dira ere errautsak etxean gordetzen dituztenak edo leku kuttunen batean haizatzen edo lurperatzen dituztenak.
Errautsendako bitxiak, globo sondak…
Errautsekin lotuta, ehorztetxeek ere gero eta eskaintza zabalagoa dute. Ezagunenak errauts-kutxatilak dira; gaur egun ekologikoak ere badaude. Eta badaude ere, bere baitan errautsak gordetzen dituzten bitxiak (lepokoak, eskumuturrekoak, eraztunak…), errautsak solidifikatu eta harri forma emateko aukera, biniloko diska bihurtzekoa, globo sonda bitartez estratosferara bidaltzeko aukera (grabazio eta guzti), eskopetaz jaurtitzeko aukera eta hildakoaren ilearen karbonoarekin diamanteak egiteko aukera ere bai.
Elizkizunak nagusi
Hori bai, aldaketak aldaketa eta berritasunak berritasun, oraingoz, herritar askok eta askok eusten diote hileta elizan egiteko ohiturari. Hori bai, gizartearen joera berriek bultzatuta, kasu honetan ere izan dira aldaketak, batik bat, apaizak nabarmen gutxitu baitira. Hala, Debabarrenean eta ondorioz, Soraluzen ere, egoera berrira egokitzen ari dira.
Horren erakusle, laikoak gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira elizaren baitan. Hileten kasuan, orain arte, senide bat hiltzean, zuzenean herriko parrokoarengana joaten zen hiletarako prestaketak egitera. Gaur egun, berriz, justu apaiz falta hori dela-eta, bai Elgoibarren eta bai Soraluzen, erreferente bezala, bi pertsona daude. Norbait hiltzen denean, familia edo beilatokia, zuzen-zuzenean bi pertsona horiekin jartzen da harremanetan. Ondoren, eurak apaizekin jartzen dira kontaktuan, Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi Mikel Arangurenek azaldutakoaren arabera. (Segidako orriko elkarrizketan xehetasun gehiago).
Bestelako ohiturak
Bestalde, migrazioaren eraginez, handitu egin da bestelako kultura batzuetatik etorritako bizilagun kopurua. Soraluzen, handiena komunitate musulmandarra da eta haiek hiletekin lotutako bestelako ohiturak dituzte.
Abdelaziz Moujane Soraluzeko Meskita Komunitateko presidenteak esplikatutakoaren arabera, euren erlijioan, hildakoa lurperatu egiten dute. Duen ezaugarrien araberako zuloa egiten da, bertan gorpua sartu, lurrarekin tapatzen da eta gainean harriekin; azkenik, zuloa egiteko ateratako lurra botatzen zaio gainera. Gorpua Mecara begira egon behar da. Lehenago, garbiketa berezia egiten zaio. Eibarren leku berezitua dago horretarako. Adreiluz eta azulejoz egindako kamila batean jarri eta profesionalek garbitu egiten dute barrutik eta kanpotik, eta gero izara zuri batez inguratzen dute guztiz. Gorpua lurperatzean, aurpegia desestali egiten diote. Berdin lurperatzen dituzte gizonak, emakumeak zein umeak.
Soraluzeko komunitate musulmandarreko kide gehienek Burgosko hilerrira bidaltzen dituzte hildakoak lurperatzeko, han badutelako musulmandarrendako egokitutako hilerria eta hemen ez. Asegurua izanez gero, berriz, jaioterrira eramaten dute. Hori egiten dute tokian tokiko meskitan azken agurra eman ondoren.
Bi elkarrizketak atxikitako albisteetan