Hildakoak lurperatu egiten dituzue.
Bai. Musulmandar bat hiltzen denean, Elgoibarren edo Eibarren garbitzen dute gorpua, Soraluzen ez dagoelako horretarako lekurik. Aproposena da hiltzen denetik ahalik eta lasterren lurperatzea. Hileta meskitan egiten da. Jendea bertaratzen da hildakoaren familiari laguntzeko eta jan-edanak eramaten ditu, bakoitzak ahal duena, elkartzen den jendearendako. Hileta egiten da hildakoa bertan dela. Imana hildakoaren atzean ipintzen da eta gainerako guztiak imanaren atzean. Zutik, otoi bereziak egiten ditugu, sallato aljanaza. Gero, hildakoa lurperatu egiten da.
Soraluzeko hilerrian ez duzue lekurik, ezta?
Hilerria nahiko genuke. Orain arte ez dugu eskatu, baina eskatuko dugu, ea zorterik dugun. Asegurua izanez gero, urteroko kuota ordainduta, hiltzean jaioterrira eramaten dute hildakoa, gure kasuan Marokora. Asegururik ez duena, berriz, meskitarik meskita joaten da eta diruz laguntzen zaio, gorpua jaioterrira bidal dezaten. Bestela, asegururik ez duen hildakoa Burgosera eramaten dugu, han dagoelako musulmandarrendako egokitutako hilerria, baina hemen lurperatzea litzateke onena. Hildakoaren senideak hura bisitatzera joan ohi dira hilerrira. Bisita horrek akordatu eragiten dizu heriotza badagoela, denoi tokatuko zaigula. Heriotza presente egiten zaio pertsonari.
Zelan jakinarazten duzue komunitateko pertsona bat hil dela?
Whatsappeko taldeak erabiltzen ditugu. Guztiak daude taldean sartuta. Eta tokian tokiko presidenteek inguruko komunitateei jakinarazten diete. Soraluzeko taldera edozeinek bidal dezake nahi duena, eta Eibarren eta Elgoibarren ere bai. Nik dut kanpoko elkarteekin harremana. Hildako baten berri eman nahi dugunean talde guztietara bidaltzen dugu.
Orain meskita berria egokitzen ari zarete, ezta?
Bai, dena gu egiten ari gara. Pladurra ipitzen dakienak hori ipintzen du, soldatzen duenak soldatu… bakoitzak duen ofizioarekin laguntzen du.
Pozik meskita berriarekin?
Bai. Industrialdera egunero joan-etorria egitea asko da. Kotxez joanez gero, bueltan ez dago aparkalekurik. Eta eguraldi txarra bada okerrago. Bildotsaren Egunerako bukatuko dugu, bi hilabete barrurako, espero. Inaugurazio festa egingo dugu guztientzat. Horregatik ez dugu eskatu baimenik Ramadanaren amaiera-jaia egiteko, nahiago dugu Bildotsaren festa egin eta bide publikoa behin bakarrik okupatu.
Zerbait gehiago duzue faltan?
Bildotsaren Egunerako bildotsak hiltzeko hiltegi txikitxo bat beharko genuke. Guretzat sakratua da hori eta orain ez dugu non egin. Ezkutuan ibiltzen gara bildotsak hiltzen eta arazoak izaten ditugu, non egin asmatu ezinda. Gainera, harrapatuz gero, isunak ipintzen dituzte. Hobe izango litzateke dena legez egitea, profesionalekin. Soraluzen bakarrik egun horretarako beharko genuke hiltegia. Etxe bakoitzeko bildots bat hiltzen du (ahal duenak). Soraluzen ehun baino gehiago.