Victoriano Etxabe, iazko abuztuan etorri zen Soraluzera baina otsailaz geroztik gaixo dago. Harrez gero, herriko parrokiako ordezkariek zeregin handiagoak hartu dituzte elizan, besteak beste, hiletetan.
Nola antolatzen dira hileta elizkizunak?
Hiletak direla eta, bai Elgoibarren eta bai Soraluzen, erreferente bezala, bi pertsona daude. Hau da, pertsona bat hiltzen denean, familia edo beilatokia, zuzen-zuzenean bi pertsona horiekin jartzen da harremanetan. Ondoren, eurak apaizekin jartzen dira kontaktuan. Asteko bost egunak, astelehenetik ostiralera, artzapez-barrutiko apaiz ezberdinen artean daude banatuta. Astelehenean, apaiz jakin bat, asteartean, beste bat… Aipaturiko bi pertsona horiek dagokion eguneko apaizarekin harremanetan jarri, eta hileta-ospakizunaren eguna, ordua… adosten dute.
Beste gai garrantzitsu bat. Aipaturiko bi laiko horiek ere tanatoriora edo hilerrira errespontsu bat errezatzera joan ohi dira. Hori guztia, lehen, apaizak egiten zuen, gaur egun, berriz, laikoek laguntzen dute; ez bakarrik Soraluze eta Elgoibarren, baita Gipuzkoako hainbat herritako parrokietan ere.
Hiletetan ez ezik, mezetan ere parte hartzen dute?
Victoriano, Elgoibarren eta Soraluzen ari zen parroko lanetan, baina bere osasun egoera dela medio, duela hilabete batzuk atseden hartu behar izan du. Une honetan, bi herrietako administratzaile, Horazio Argarate artziprestea izendatu da. Donostiako Elizbarrutia, Eraberrikuntzaren Prozesuan murgilduta dago artziprestazgo mailan antolaketak nola izan behar duen erabakitzeko. Bi herrietan, apaiza bertan bizi ez arren, bai Soraluzen eta bai Elgoibarren, laikoek ardurak hartu dituzte. Argibide bat; laikoek ez dute mezarik ematen, Hitzaren Liturgia ospatzen dute baizik. Horrez gain, bi apaiz joaten dira bi herrietako mezak ematera. Hitzaren Liturgia eta Eukaristia tartekatuz, hamabostean behin ospatzen dira. Artziprestazgo mailan antolatzen ari gara egoerari behar den bezala erantzuteko.
‘Hitzaren Liturgia’. Zer egin dezakete eta zer ez laikoek?
Une honetan, adibidez, Ebanjelizazio arloan, katekesia e.a. laikoen esku dago, bai Elgoibarren, baita Soraluzen ere. Caritas, eta Osasun Pastoraltza ere. Ebanjelizazio mailan, laikoen esku-hartzea garrantzitsua eta ezinbestekoa da. Ospakizunen inguruan, sakramentuak ospatzea apaizari dagokio: Eukaristia, bataioak, ezkontzak… Baina, adibidez, apaizik ez dagoenean, laikoak gidatzen du ospakizuna; horri Hitzaren Liturgia esaten zaio. Une honetan, hileko bi igandetan, ospakizuna laikoen esku dago. Ospakizun horren zentzua da apaizaren zain dagoen elkartearen ospakizuna; Hitzaren Liturgiak ez du Eukaristia ordezkatzen, baizik eta Eukaristia ospatzera iritsi bitartean, kristau elkarteak ez dio uzten fedea ospatzeari, Jainkoaren hitza entzuteari eta kristau elkarte bezala elkartzen da. Lehenik eta behin, zerbitzu hori egingo duten laikoak aurkitzea garrantzitsua da, baita, ondoren formatzea eta, zer esanik ez, beraiei laguntzea ere.
Zein da gaur egun apaizen egoera Gipuzkoan?
Guztira, 197 apaiz daude Gipuzkoan. Horietatik, 150 elizbarrutikoak dira, 14 elizbarrutira kanpotik etorritakoak (atzerritarrak: indioak…) eta 33 erlijiosoak (fraideak…) dira. 150 apaizetatik, 66 jubilatuak daude, eta, 84, berriz, aktibo daude; azken hauetatik, 29 apaizek, 75 urte baino gehiago dituzte.
Egoera hau, Gipuzkoak bizi du soilik?
Ez, orokorra da. Apaizen gabezia areagotzen ari da. Mundu berri honen aurrean, denok, bihotz-berritzen bat egin behar dugu. Eta hori zer da?
Elizaren begirada zabalagoa izatea, hau da, zein errealitate bizitzen ari garen, zein diren gure erronka nagusiak, eta gizarteak guregandik zer espero duen aztertu eta erantzun. Jesusen Berri Ona itxaropenez eta modu egokienean eskaintzea. Hor dago gakoa. Bihotz-berritze eta espiritualtasun sendo bat garatzea.
Gaur egun asko egin daiteke baina horretarako begirada aldatu behar dugu. Eta, antolaketa aldetik, aldaketa nabarmen eta sakonak egin behar ditugu. Hau da, orain artean antolatu garen bezala ezin diogu erantzun egoki bat eman gaur egun dauden pastoral beharrei. Eta hori nola egiten da? Apaizon artean, orain arte bezala, talde-lanak garrantzi handia izango du. Gure begirada ez da bakarrik parrokiara begira izango, apaiz guztion artean, pastoral barrutira baizik; begirada zabalagoa, alegia. Hau da, misiolariagoak izan beharko dugu. Bestalde, baditugu laikoak gure elizbarrutian ardura gehiago hartu dezaketenak, eta apaizekin elkarlanean, erantzun pastoral egokia emateko prest daudenak. Apaiz eta laikoen elkarlanean, bakoitza bere karisma eta bokaziotik, elkar lagundu, zaindu eta indartzeko aukera ederra ikusten dut.