Gaizka Arangurenen erantzuna Marian Begilen idatziari

Egoitz Unamuno 2024ko api. 30a, 14:22

Elizondoko Txokotoko presa. Argazkia: Baztango Haize Hegoa.

Gaizka Aranguren historialariak erantzun egin dio apirilaren hasieran Marian Begilek Plaentxia.eus-en kaleratu zuen idatziari.  

Joan zen apirilaren 8an Marian Begilek 'Gezurren hankak motz-motzak dira' izeneko iritzi artikulua kaleratu zuen Plaentxia.eus-en. Bertan, Begilek Elizondoko Txokoto presaren inguruan berba egin zuen esanaz, han presa "babestu" eta "gainera, harro-harro turistikoki esplotatzen" dutela, eta bere garaian Europatik agindua etorri zen arren, ez zutela bota "presio herrikoiarengatik". Horrekin batera, Gaizka Arangureni egotzi zion "ipuin bat" kontatu izana historialariak Soraluzen eman zuen hitzaldian, egotziz Elizondoko presa ez botatzeko arrazoitzat nabarmendu zuela berau bota ezkero etxeen zimenduak mugitzeko arriskua.   

Gaizka Arangurenen erantzuna

Atzo, Gaizka Arangurenek erantzun egin zion Marian Begilen idatziari, albisteak berak dakarren erantzunen atalean (barren-barrenean). Bertan Arangurenek dio "itsusia" iruditu zaiola "oso" Marian Begilen idatzia eta berak Soraluzeko hitzaldian Elizondoko presaren inguruan esan zuena "modu zakarrean zikindu nahi izatea" leporatu dio. Arangurenek zehaztu du etxeen zimenduen inguruan esan zuena "bertze datu bat" besterik ez zela izan eta hori baieztatu nahi izanez gero, hitzaldiaren grabazioa kontsultatzera gonbidatu ditu: "Erran nuena zuzenean ikus eta entzun daiteke hemen: https://plaentxia.eus/soraluze/1698333180790-zientziaren-ikuspegitik-argi-dago-ibaian-zer-gertatzen-den-presak-edukita Puntu zehatza: 12:35".

Azkenik, Begili eskatu dio aitor dezala bere "iruzkin manipulatzailea"n esandakoa "ez dela zuzena".