Iruindarrak gaur egun jatorrizko funtziorik betetzen ez duten Nafarroako eta Aragoiko hainbat presen adibideak aurkeztu zituen: Santa Engrazi (Iruñea), Salto del Bierge (Huesca), Endarlatsa (Bera), Txokoto (Elizondo), Burgi (Erronkari)… Azaldu zuen haietako bakoitzak garrantzi maila konkretu bat duela ondarearen ikuspegitik eta “inguruko biztanleen imajinario kolektiboan” baina baita “kostu ekologiko bat” ere. Arangurenek nabarmendu zuenez, “presak tronboak dira ibaientzat eta kalte handia eragiten diote ibaiaren osasunari”, “hori ukaezina da, frogatua dago eta mundu osoko zientzialariek onartzen dute hala dela”, gaineratu zuen. Ondoren, jakinarazi zuen, berak zein erabaki hartuko lukeen aurretik aurkeztu zituen adibideen inguruan eta proposatu zuen, bere ustez, Soraluzeko presen gaineko erabakia ere bi alderdi horiek "ondarea eta ibaiaren osasuna" kontuan hartuta hartu beharko litzatekeela eta horrekin batera ohartarazi zuen "arriskuak eta legeak" ere hor daudela: "Nazioartean eta zientzilarien artean hain argi dago ibaian zer gertatzen den presak edukita, legeek horren kontra egiten dutela". Dena den, ez zuen iritzirik eman Soraluzeko presen inguruan; “hori zuek erabaki behar duzue”, esanez amaitu zuen hitzaldia.
Datozen orduetan, Plaentxia.eus-ek lehen saioaren gaineko informazio gehiago argitaratuko du.