Atzo banatutako eskuorrietan esplikatzen dutenez, EAJ-PNVk “balio demokratikoen gainean eraikitako Euskadi, errespetuan, kohesioan eta bizikidetza oinarritua” dagoen Euskadi defendatzen du eta hori egikaritzeko, osasuna, etorkizuna, familia, segurtasuna… eta beste hainbat izenburupean jasota, arlo bakoitzerako lehentasunak eta lan-ildoak proposatzen ditu.
Aparteko orrietan, osasun arloari dagokionez, esaterako, “gure osasun sistema hobetu eta izen ona zaindu” nahia azaltzen dute jeltzaleek. Eta lan ildo modura, diote lehen-arretaren hobekuntzaren alde lan egingo dutela, itxaron-zerrendak jaistearen alde, osasun mentalean sakonduko dutela eta besteak beste, langileei buruzko politika berria garatuko dutela.
Etxebizitzari dagokionez, berriz, alderdi jeltzaleak uste du egoera “larria” dela eta “estu eta larri bizi diren pertsonen alde jokatu beharra” dagoela. Ildo horretan, besteak beste, etxebizitza tasatuak eraikitzea, etxebizitza babestuak, gazte jendeari etxebizitza eskuratzea erraztea, etxebizitza publikoa eskuratzeko baldintzak malgutzea eta bestelako proposamenak mahai-gaineratzen ditu.
Bestalde, “autogobernua eta estatus berria” ere baditu ipar EAJk. Dioenez, “euskal autogobernuaren eguneraketak ahalbidetuko du egungo Estatutua burutzea; autogobernua berreskuratzea, ibilbide autonomikoan zehar moztua izan dena eta eskumenen quantuma handitzea beharrezkoak diren eskumen guztiak gehituz, euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko”.
Azkenik, besteak beste, EH Bilduri zuzeneko erreferentzia egin eta labur esanda, diote duten “bisioa” dela “40 urteko atzerapenarekin, ezinikusiaz itsututa” egotea, euren “misioa” dela “PNV erasotzea” eta “anbizioa”, berriz, “boterea lortzea gizartea kontrolatzeko”.