Gaur eguerdian egindako agerraldian, Unai Larreategi Soraluzeko alkateak zein Itziar Murua EAEko hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaiak hartu dute hitza Debabarrenari buruz berba egiteko. Haiei laguntzen izan dira Ermuko, Eibarko, Elgoibarko, Mendaroko eta Debako EH Bilduko zinegotziak eta zerrendakideak.
Larreategik adierazi duenez, “historikoki, bere izaera industrialaren eraginez, ongizate sozioekonomiko handiko eremua” izan den arren, orain, “jaisten” doa Debabarreneko ongizate-maila.
"Politiken ondorio"
Datuak emanez, esan du “2020-2023urte bitartean %22ko enpresa-galera” izan zela, “ehun enpresatik gora itxi edota beste lurralde batzuetara mugitu” zirela. Halaber, gogora ekarri du Eibar eta Soraluze direla Gipuzkoan langabezia mailarik altuenak dituzten udalerriak.
Larreategik gaineratu duenez, Debabarrenean eman den bilakaera hori “azken hamarkadetan garatu diren politiken ondorio” da eta ezinbesteko ikusten du “lurralde orekan sakontzea”, uste du politika aktiboak behar direla “industriaren joerekin bat egiteko”, zein “ekonomia jarduera berriak” teknologia berrietara egokitzeko eta esan du “ezinbestekoa” dela industria 5.0rako trantsizioa” egitea.
Maltzagan intermodala eta beste
Horrez aparte, mugikortasunean ere jarri du iparra Larreategik, esanez hori ere badela “herritarren kezka iturri”. Soraluzeko alkateak azpimarratu duenez, “garraio publikoan hobekuntza nabariak egiteko moduan” daude, “bai eskualde barruko zein kanporako zerbitzuari dagokionez”.
Hark gaineratu du horrek “jauzi kualitatiboa” suposatuko lukeela “ingurumenean zein gizarte kohesioan”. Adibide modura, aditzera eman du Maltzagan intermodala jartzea bultzatuko dutela eta baita ere, Durangoren eta Debaren arteko trenaren maiztasuna handitu eta 10-12 minutukoa izatea.
Oro har, Larreategik Debabarrenaren oraingo egoera “iraultzeko aukera” ikusten du, eta hori egiteko aldaketaren beharra azpimarratu du, lurralde oreka ardatz izanda: “Debabarrena biziberritzeko ponentzia martxan jartzea lortu genuen Gasteizko Legebiltzarrean, eskualdean indartsu daukagu oraindik industria, goi-mailako zentro teknologiko eta ikaskuntza zentroak dauzkagu... aukerak errealitate bihurtzeko ordea, herri honek aldaketa behardu, lurralde orekan ardatz izango duen aldaketa”.
Industria 5.0
Ildo beretik jo du Itziar Murua hautagaiak. Hark azpimarratu du beharrezkoa dela “industria politika ekintzailea (…) lidergo publikotik euskal industria-eredu iraunkor, sozial eta aurreratua eraikiko duena”.
Horrekin batera, berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustu “irmoa” defendatu eta Muruak esan du EH Bildutik gizarteko eta alor politikoko, ekonomikoko eta hezkuntzako eragileen arteko “herrialde-akordioa” lideratuko dutela, “2027rako BPGaren %3,2 a I++B politiketan inbertitu dadin, Europako eskualde aurreratuenen pare jarriko gaituena”.
Industriarekin lotuta, berriz, Gipuzkoako hautagaiak ere Industria 5.0-rako jauzi beharra azpimarratu du, horretarako beharrezko diren azpiegiturak eraikitzearen alde egin du eta iragarri du “hori bultzatzeko formazio, demostrazio eta zerbitzu zentroa sortzeko lanean jardungo” dutela.
Zentzu berean, iragarri du “Inbertsio Estrategikorako Funts Subiranoa” sortuko dutela, “orain arte mobilizatu diren zuzkiduretatik nabarmen gorago egongo dena, euskal enpresak lurraldean errotzeko, euskal enpresa estrategikoen kapitaleko partaidetza publikoa bideratzeko eta inbertsio estrategikoak sustatzeko”.