OPOSIZIOAREN IRAKURKETA

EAJk gobernuaren "planik eza" kritikatu du; PSE-EEren ustez, berriz, "aurrekontu kontinuista" da EH Bildurena

Ubane Madera Zangitu 2024ko ots. 8a, 11:53

EAJ zein PSE-EE abstenitu egin ziren aurrekontuaren gaineko bozketan. Boto azalpenean, biek ala biek gastu arruntaren igoera jarri zuten mahai gainean kritika modura, urteetan horixe izan baita EH Bilduk Udal Gobernuari egindako kritiketako bat, gastu arrunta igo izana, alegia. Iker Aldazabal bozeramale jeltzaleak oraindik Udal Gobernuak plan estrategikorik aurkeztu ez izana ere kritikatu zuen eta Patricia Borinaga sozialistaren ustez, berriz, aurrekontu “kontinuista” da EH Bilduk aurkeztu duena.  

Oposizioko bi alderdiek bat egin zuten Udal Gobernuari egindako kritika nagusian: gastu korrontea handitu izana, zehazki, 183.000 eurotan . Esplikatu zutenez, ez dute kritikatzen gastua bera handitzea, baizik eta 8 urtean EH Bildu igoera hori kritikatzen ibili ondoren, gobernua hartutakoan, EH Bilduk gauza bera egitea kritikatu zuten.

EAJ: "Non daude herria pizteko aldarrikatu zenituzten proiektu inportanteak?"

Horrekin batera, Iker Aldazabal bozeramale jeltzaleak kritikatu zuen “oposiziotik ere behin eta berriz” Udal Gobernuaren planik eta estrategiarik eza salatzen jardun ondoren, Udal Gobernua hartu zutenetik 8 hilabete pasatu direnean, EH Bilduren aldetik ez dagoela “planaren arrastorik” eta ezta ere “proiektu inportanterik”. “Non daude herria pizteko aldarrikatu zenituzten proiektu inportanteak/ eraldatzaileak? Nola aldatzen diren gauzak oposizioan egotetik gobernuan egotera , ezta?”, galdegin zuen.

Halaber, gogora ekarri zuen EH Bilduk aurrekontu proposamenean nabarmendutako azken lau proiektuak -Gabolatseko zubia, eskolako igogailua, Ezozibidea berritzen zein Pascual Churrucako etxebizitzak- aurreko agintalditik datozela. 

Irakurketa hori egin arren, EAJk azpimarratu zuen bozketan abstenitu egingo zirela aurrekontua delako herriko beharrei aurre egiteko tresnarik inportanteena eta eurek argi dutela helburua izan behar dela Soraluze aurrera ateratzea eta soraluzetarren bizi-kalitatea hobetzea. Hori horrela, “oposizio eraikitzailea” egitea erabaki eta horregatik abstenitu direla.

Bestalde, osokoan ez, baina ohar bitartez, EAJk aurrekontuari egindako ekarpenen zerrendaren berri eman du. HEMEN klikatuta irakurgai. 

PSE-EE: "Aurrekontu kontinuista da"

Patricia Borinaga zinegotzi sozialistari dagokionez, berriz, hainbat gauza “positiboki” baloratu zituen, besteak beste, oposizioaren ekarpenak baloratzeko eta batzuk kontuan hartzeko Udal Gobernuak egin duen “ahalegina”. 

Aurrekontua positiboki baloratu zuen, bere ustez, “aurrekontu kontinuista” delako eta lehenagotik zetozen zenbait proiekturi jarraipena emango dielako. Borinagak, besteak beste, Udal ludotekaren eta gaztelekuaren proiektua eta Esperientzia Eskola aipatu zituen. 

Gogora ekarri zuen, berriz, sozialisten ekarpena izan dela musika eskola inguruaren -eskola eta etxeak- irisgarritasuna aztertzea eta modu positiboan baloratu zuen, etxebizitzen gainean egin asmo den ikerketa eta Irisgarritasun Plana berritzeko asmoa. 

Gastu korrontearen igoerari dagokionez, Aldazabal jeltzalearen ildo beretik egin zuen kritika Borinagak, “EH Bilduren aurrekontuek gastu korrontea gutxitzetik urruti, handitu egiten dute eta erakusten dute askoz errazagoa dela agindu eta sortzaile izatea oposizioan zaudenean Gobernuan zaudela egitea baino". 

Halaber, Borinagak, besteak beste, gogora ekarri zuen Udalak mendekotasun handia duela Udalaz gaindi lor daitezkeen finantzazioekiko eta horrek baldintzatu egiten duela proiektuen gauzatzea.  

Dena den, ordezkari sozialistak ere abstenitu egin ziren bozkatzerakoan, kontraesanak kontraesan, Udal Gobernuari “konfiantza marjina” emanez eta esanez “eztabaidatu beharrekoa eztabaidatuko” dutela aurrerago. Halaber, prestutasuna erakutsi zuen udalaz gaindiko proiektuen alde adostasunak lantzeko, besteak beste, Soraluzetik Maltzagara bitarteko bidegorria aipatuz.