Atzo, domeka, ibili ezinda geratu zen Txekiako Errepublikako ekipo baten autoa, Citroen 2Caballos-a erreskatatu zuen Fernando Garcia kopilotu duen Euskadi 4x4 ekipoak. Txikitin kamioiak tiratuta erreskatatu zuten Barbora Holicka pilotu eta Lucie Engova kopilotu txekiarraren ekipoa eta elkartasun keinu horrekin, Dakar lasterketako bigarren etapako protagonistetako bat bilakatu zen ekipo euskalduna.
Gaur, berriz, urtarrilak 8, Dakarreko hirugarren etapa du aurrez aurre Euskadi 4X4 taldeak, Al Duwadimi-Al Salamiya ibilbidea. Orain artekoei moduan, gogotsu egingo diote aurre hiru lagunek.
Fernando Garcia soraluzetar kopilotuak kontatu duenez, orain artekoak “etapa oso gogorrak” izan diren arren, “oso ondo” doa esperientzia.
"Oso ondo pasatzen dira"
“Etapa oso gogorrak dira, denbora luzea kamioian, baina kamioitxo honekin dunak eta harea oso ondo pasatzen dira, trabatuta geratzeko harea asko eta asko egon behar da; ikusiko dugu dunak tokatzen zaigun egunean; gaur egin dugu test moduko bat dunetan ikusteko zelan dabilen eta oso ondo doa, beraz. Osterantzean da egiten dudan bestea bezala baina modu profesionalagoan; aparatu elektroniko guztiekin eta abar. Azken batean, Pandemoniumean azken zazpi urteotan egin dudanak balio du hemen apur bat hobeto egoteko eta jakiteko zertaz doan. Gero da ikastea erabiltzen ipintzen dizkizuten aparatu berriak eta lekuari buruzkoak; niretzat berria da lekua, baina gizon honen eskutik -Livingston- joatean askoz errazagoa egiten da. Argi dagoenez, bertan egon den norbaitekin bazoaz, ez dituzu ohiko beldurrak… Da nik Marokkora jendea jaisten dudanean moduan, eskutik eramaten dituzu, esaten diezu gutxi gorabehera zer egin behar duten, zer aurkituko duten; hortik aurrerakoa guztia da estropezu egin aurrera segitzeko. Bestela, dena oso ondo”.