Azken zazpi urteotan Pandemonium Raidean parte hartzen ibili ondoren, jauzia eman eta urtarrilean, Dakar Rally entzutetsua korrituko du Fernando Garcia Sagastak (Soraluze, 1959). Saudi Arabiako abentura horretan, taldekide izango ditu Ignacio Corcuera Livingston pilotua (Bilbo, 1963) eta David Naveira Hernandez (Zalla, 1980) kopilotua. Soraluzetarrak mekanikari lanak egingo ditu.
'Txikitin' kamioiarekin
Euskadi 4x4 da hiru lagunen ekipoaren izena eta Dakar Rallyaren Classic modalitatean parte hartuko dute, kamioien lasterketan, Txikitin kamioiarekin (Alemania, 1986); "Kamioia Unimog Mercedes bat da; elurra kentzeko kamioia izan da eta trenbideetatik ere ibili izan da lan hori egiten. Elurra kentzeari laga zionean, Madrilgo suhiltzaileek erabili zuten haien autoeskolan eta autoeskolako jabea erretiratu zenean, Livingstonek erosi zuen. Bi hilabete eman ditugu kamioia prestatzen. Lanetik, Garajes Garciatik 19:00etan irten eta sarri etxera gauerdian edo beranduago bueltatzen ibili gara; gaupasaren bat zein beste ere egin dugu. Gure kamioia makina ikusgarria da, alemaniarra, 8 abiadura ditu, segurtasun arkua, motor traktorea... Hala ere, gure garajean, kamioiak handia zirudien, baina besteekin ikusi genuenean, konturatu ginen txikia zela; horregatik jarri diogu Txikitin, esplikatu du Fernando Garciak.
Lanordutan ez ezik, dirutan ere dezente eskatu die Dakar Rallyak hiru lagunei. "Orain arte, 130.000 euro jarri ditugu Dakar Rallyan parte hartzeko. Pentsa, kamioiaren erruberek bakarrik 4.800 euro balio dute. Dena den, laguntza ere izan dugu, adibidez, materiala eman digute Abadiñoko Al-Ko Record eta Zornotzako Bezabala enpresek", kontatu du Garciak.
Hori bai, ahaleginak lehen fruitua eman eta, rallyko "hasierako etapa" gainditu du Euskadi 4x4 ekipoak, "kamioia lasterketarako aproposa den eta bestelako betebeharrak betetzen dituela esaten duen egiaztagiria lortu dugu Bartzelonan; hori lortu ezean, ezin da Dakarrera joan eta egindako guztiak ez du ezertarako balio, beraz, niretzat, Dakar egitera joan ahal izatea, hori berori garaipena da", dio pozik soraluzetarrak.
14 eguneko lasterketa
Euskadi 4x4 ekipoko hirukotea bihar, urtarrilak 1 abiatuko da Saudi Arabiarantz. 12 etapa izango ditu lasterketak, 14 lasterketa-egun. Al-Ulan hasiko da urtarrilaren 5ean eta Yanban bukatuko da 19an. Dakarraren Classic modalitatean 16 kamioi lehiatuko dira.
Berez basamortuan ibiltzea zaila bada, are zailagoa da Dakar Rallyan gauzatu beharrekoa. 5.000 kilometroko distantzia gainditu beharko dute lasterkariek. Ibilbidea kartografiatu barik dago, etapetako batean bakarrik dunak dituen 300 kilometro egin beharko dituzte eta beste batean, berriz, 48 orduko kronoan, Empty Quarter basamortu erraldoian ibili. Azken horretan, 585 km-ko ibilbidea egitea lortu beharko dute, bi egunean, baldintza ezinbesteko batekin: 16:00etatik 07:00ak arte, ezingo dute lasterketan segi, dauden lekuan pasa beharko dute biharamunera artekoa, kanpoko inolako komunikazio eta laguntasun barik.
Bihotza bero, burua hotz
Fernando Garcia kontziente da zeri aurre egin beharko dion apenas astebete barru, baina, gertu dago. "Dakar Rallya ez da Pandemoniuma bezalakoa. Pandemoniuma muturreko aisialdia da, baina Dakarra lasterketa da, profesionalen lasterketa, munduko gogorrena; basamortura sartu behar da errespetu handiarekin eta minik hartu gabe irten. Arlo fisikoa baino, arlo mentala da garrantzitsuagoa. Nire kasuan, Pandemonium-en zazpi urtez ibiltzeak erakusten dit zelanbait bidea, eta, hor ikasitakoarekin eta lagunen eta familiaren babesarekin joango naiz Saudi Arabiara, ze hara joan ahal izateko, familiarekin eta lagunekin egotetik ordu mordoa kendu behar izan ditut, ondorioz, gero, nik nirekin eramango ditut guztiak hara, buruan eta bihotzean. Gainera, demaseko taldea egin dugu eta gure pasioak uztartuko ditugu; horren adibide, gure kamioiaren leloa honakoa da: Amets bat dugu, pasioa dugu, non egingo dugun eta zein makinarekin egingo dugun".
Maria de Villotaren izena
Leloa ez ezik, izen bat ere eramango dute kamioian, Maria de Villota pilotu zenarena. Omenalditxoa egin nahi diote, piloturen lorpenak gogoraraziz eta goraipatuz, kamioiaren albo batean idatzita."Berak lortu zuena handia izan zen. Bere garaian ez zegoen emakume piloturik lasterketetan, are gutxiago horren goian". Maria de Villota lehen emakumea izan zen hainbat modalitatetako lasterketatan, besteak beste, 1 Formulan.
.