Presen auzia

“Herri gisa, merezi dugu plan berri bat, serioa eta Soraluzera egokitua”

Egoitz Unamuno 2023ko aza. 23a, 12:59

Martitzen arratsaldean egin zen presen prozesuaren hirugarren saioa eta bertan, Gure Deba Ibaia taldeak hartu zuen hitza. GDIk, bi urteotan zehar jaso duen informazioa aurkeztu ostean, uholdeen gaineko “plan berria” eskatu zuen “serioa, errealista eta autonomoa, eta Soraluzera egokitua”, eta horrekin batera, planteatu zuen Merlin proiektua “behin betiko baztertzea” eta horren ordez, ibaiarentzako plan “errealista” diseinatzea, “gure erritmora”. 

Martitzenean, laurogeiren bat herritar batu ziren Antzokian, Gure Deba Ibaia taldeak egin zuen  aurkezpenera. Saioaren lehen atalean, Juan Carlos Astiazaran GDIko kideak azken bi urteotan taldeak gaiaren inguruan topatu dituen datu eta informazio berri eman zuen, ohartaraziz, “askotan” erakunde berberak emandako informazioen artean “kontraesanak” topatu dituztela. Zentzu horretan, GDIko kideak erabakiak hartzeko orduan informazio “guztia”, “aldekoa zein kontrakoa”, eskura izatearen garrantzia azpimarratu zuen eta jakinarazi zuen taldeak osatu dituen sei txostenak edozeinen eskura daudela.

Astiarazaranek gogorarazi zuen hausnarketa ez dela “zerotik” abiatzen eta dagoeneko bi plan ”ofizial” eta proiektu “pribatu” bat daudela Soraluzeko ibai zatiari eragiten diotenak: Udaleko Hirigintza Plan Orokorra, Espainiako Plan Hidrologikoa eta Merlin proiektua. Azaldu zuen GDI taldeak hiru lan horiek diotena aztertu dutela eta haien arteko hainbat “diferentzia” topatu dituela, esaterako, Igaretako (Malmero) ur-xaflari dagokionez: “Plan Orokorrak dio ur-xafla moztu egingo dela baina ez du zehazten zenbat eta Plan Hidrologikoak dioena da (Ura Agentziak proposatuta) ur-xafla desagertu egingo dela eta hor tartean egingo dutela 278 metrotako kanal bat, kanal kanala. Gero etorri zen Ruben Santos URA agentziako teknikaria eta esan zituen gauza batzuk plan ofizialean diotenarekin bat ez datozenak”. Hain zuzen, duela bi asteko saioan, Ruben Santos Ura agentziako teknikariak adierazi zuen planean ageri den arren, Agentziak baztertu egin duela kanal hori egitea, besteak beste “ez delako errentagarria” eta zehaztu zuen hasierako planifikaziotik proiektu zehatzetara igarotzean, “ohikoa” izaten dela halako aldaketak izatea. GDIk, plan batetik bestera topatu dituen bestea hainbat “diferentzia” azaldu zituen.

Ostean, Astiazaranek GDIk aztertu dituen datuen eta informazioen berri ematen jarraitu zuen hiru gai nagusiren inguruan: ufalak eta hirigintza, ingurugiroa eta identitatea. 

Ufal-arriskuaz eta hirigintzaz

Ufal-arriskuaren atalean, Ura Agentziak Soraluzekiko aurkezten dituen datuen inguruan jardun zuen, nabarmenduz Ura Agentziak Soraluze bigarren arrisku multzoan sailkatua duen arren, ondoren, txostenetan, multzo berean dauden Debabarreneko beste herri batzuk (Elgoibar, Mendaro, Deba…) baino askozaz gutxiago aipatzen dela. Horrekin batera, Ura agentziak plan ofizialean Soraluzerako proposatzen dituen aktuazioak zerrendatu zituen: Gabolatseko zubia bota eta berria egitea; Olabarrenako presa 50 zentimetro beheratzea; kanala egitea 1,1 metro zulatuta; eta Malmeroko presa beheratzea 1,2 metro eta aipatu zuen. Dagoeneko aurrekontu bat ere ezarria dagoela esan zuen: “Lehen ez zen lehentasunezkoa baina orain zehaztuta dago 1.300.000 euroko aurrekontua”. Aitortu zuen, guzti horren helburua 50 urteko epean gerta daitezkeen uholdeen arrisku-maila eragoztea dela eta hori “egokia” dela baina Ura Agentziak uholde horiek Soraluzen eragin ditzaketen kalteen probabilitatearen inguruan, iradoki zuen aurreikusitako kopuruak  gehiegizkoak direla; esaterako, 50 urtean 5 pertsona hiltzeko probabilitateari dagokiona edo urtean, etxebizitzetan 1.000.000 euroko kalteak eragin ditzakeela aipatzen duena. Kalkulu horietan eta beste hainbatetan zorroztasun falta dagoela iradokitzearekin batera, gogorarazi zuen Soraluze Gipuzkoako herririk aldapatsuena izanik, menditik behera datozen urek eragin handia dutela uholde arriskuan eta ohartarazi zuen, hala ere, Ura Agentziaren txostenetan mendiko urak ez direla “aipatu ere” egiten.   

Identitateaz

Indentitatearen gaiari dagokionez, herri bati eta herri horretako biztanleei nortasuna ematen dien sinboloak zein izam ohi diren azaldu zuen (jaiak, eraikinak…). Plazentziatarren kasuan, “Gaztañerre jaia”, “karakola” edo garai batean “irudi ikonikoa” zen Zubi Nagusia nabarmendu zituen. Ondoren, Soraluze “irudikatzeko” presak edo ur-xaflak erabili dituzten ekimenen adibideak zerrendatu zituen eta horrekin batera, Gironako (Katalunia) Onya ibaiko ur-xaflaren eta bertako etxeak islatzen dituen irudia aurkeztu zuen, herriaren erakarmen turistikoa lantzeko presak erabiltzen dituen herri baten adibide gisa eta gaineratu zuen, Soraluzen ere egiteko dagoela eta soraluzetarren esku dagoela “ibai-paisaia erabili ala ez erabili”.  

Ingurugiroaz

Ingurugiroari dagokionez, Astiazaranek azaldu zuen GDIk sei "biotopo" identifikatu dituela Soraluzeko ibai zatian: “Ibai naturala, gizakiak gutxi ukitu duena, Osintxutik Carmelo Mendizabal bitartean; ibai lisoa, presak kendu eta uholdeak eragozteko hondeamakinekin gizakiak lisatu zuena potzurik gabe, Olabarrenatik Maltzagara bitartekoa; urrustela, Batzokipean; eta seirehun utetan presen inguruan eratu dituzten hiru biotopo mota berri: ur-xaflarena, presak eurak eta presapea”. Olako presaren kasuan, zehaztu zuen Hirigintza Plan Orokorrak presezki babesten duela, “martin arrantzalearen eta ur-zozoaren babesleku moduan”. Hala, iragarri zuen presak kendu ezkero, “presei lotutako biotopoak desagertu” egingo direla eta Ura Agentziaren “plan ofiziala bete” eta kanala egingo balitz, “ubidea arrasatuko lukeela”.

“Zaborrei” dagokienez, Astiazaranek aipatu zuen plastikoa zuhaitzetara itsasten dela eta ur-xafletan zuhaixka gutxiago izaten denez, “garbiago” izaten direla. Ibaia garbitzeko ardurari dagokionez, azpimarratu zuen ardura Udalarena dela eta Ura Agentziak tarteka zuhaitz enborren bat kentzen badu ere, Agentzia ez dela oso “kolaboratiboa” izaten. Galdera ere luzatu zuen, ea ibaia garbitzeko ardurak herritarren gain gelditu behar ote duen.

Azken aldian presetako uretan ugaritu diren algen inguruan, berriz, esan zuen zuen azken urteotara arte ezezagunak zirela eta gaur egun, presak dauden lekuetan agertzeaz gain, presak ez dauden lekuetan ere agertzen direla, “alde guztietan”. Esan zuen faktore nagusia uraren tenperatura dela eta soluzio “bakarra”, kentzea.   

Azkenik, estatuan aingiren inguruan jasotako datuak aipatu zituen, nabarmenduz, “gelditzen diren” aingiren parterik handiena Kantauri isurialdean dagoela, Deba ibaian barne. Horri loturik, zalantzan jarri zuen arrainek presak gainditzeko egiten diren eskaileren inguruan ematen den arrakasta mailaren datua: %21. Iradoki zuen aingiren kasuan datu hori murritzegia dela eta horretarako oinarritzat hartu zuen “arrantzale batek” emandako datuw, zeinaren arabera, duela 50 urte urtean 200 aingira harrapatzen ziren. Horri, gehitu zion garai hartan Deba ibaian zegoen presa kopurua (18), eta “kalkulagailua erabilita” kalkulatu zuen Soraluzen aingira kopuru hori harrapatzeko “biloika” aingirak sartu beharko luketeta Debatik ibaira.

Ondoren, Astiazaranek herritarrak gonbidatu zituen bakoitzak bere ondorioak ateratzera eta GDIk jasotako informazioa kontsultatzera. Hortik aurrera, herritarrek hainbat galdera egin zizkioten eta horren ostean, herritarrei eskatu zieten ariketa bat egiteko, GDIk planteatutako "dilema" batzuen inguruan.  

GDIren iritzia eta planteamendua

Saioaren amaieran, Juan Carlos Astiazaranek GDIk duen iritziaren berri eman zuen hiru puntutan, zehaztuz taldearen iritzia ez zela izango "presekikoa, baizik eta ibaiarekikoa". Hasteko, GDIren ustez, nabarmentzekoa da prozesu partehartzaileak duen “balioa”, “motore gisa, ibaiak herriari eskaini diezazkiokeen aukerak baliatu ahal izateko; presak aktibo garrantzitsua direlarik"; bigarrenik, eskatu zuen URA agentziak uholdeei begirako “plan berria” egitea, argudiatuz oraingoa ez dela "datu errealetan oinarritzen" eta ez duela kontutan hartzen "mendietatik datorren uraren eragina" eta gainera "kontraesanak" daudela "proiektu ofizialak dioenaren eta Ruben Santos teknikariak esan zuenaren artean”, ondokoa gaineratuz: “Herri gisa, edozein herrik bezala, merezi dugu plan berri bat, serioa, autonomoa eta errealista eta Soraluzera egokitua, ez dena kanpo interesen arabera egina izango, Merlin den bezala”; eta, hirugarrenik, planteatu zuten Merlin proiektua “behin betikoz bertan behera” lagatzea, “kanpotik datorrelako, ez diolako erantzuten herriaren beharrei eta herriari bizkarra emanda garatzen dihardutelako. Ez dakarkigu ezer positiborik eta gainera oztopatu egiten digu prozesu hau. Uste dugu Merlin finikitatu egin behar dela”.

GDIren ustez, “ordena jarri behar da, gaur eguneko egoera birpentsatu eta diseinatu gure erritmora, ibairako plan bat errealista eta Soraluzeri begira pentsatutakoa”.       

Azken saioa 29an

Datorren eguaztenean, azaroak 29, egingo da presen prozesuaren gaineko laugarren eta azken saioa. Bertan, aurreko hiru saioetan jasotakoak laburbiltzeaz gain, Udalak aurrera begirako planteamendu bat aurkeztuko du eta ondoren, herritarrek haren inguruko iritzia emateko aukera izango dute.