Uraren Euskal Agentziako teknikari Ruben Santosek, abiatu zuen atzo antzokian egin zen bigarren saioa. Santosek bere lana zein den esplikatuz ekin zion hitzaldiari: “Ni prebentzio teknikaria naiz eta nire lana da uholde arriskua prebenitzea. Uholdeak dira Euskadiko arrisku nagusiena eta hori da Soraluzen gertatzen dena. Guk ezin ditugu uholdeak saihestu baina arriskua bai”. Ostean, uholde arriskua gutxitzeko Ura Agentziak egiten duen lanaren eta Soraluzen aurreikusita dauden aktuazioen inguruan jardun zuen (ikus aurkezpenaren dokumentua hemen).
"Lehenago edo beranduago gertatuko da"
Lehenik, iragan hurbilean herrian izandako uholdeen errepasoa egin zuen eta hiru aipatu zituen: 83koa, 88koa eta 2013koa. Santosek azaldu zuenez, EAEn zerrenda bat dago uholde arriskurik handiena duten 100 eremuak izendatzen dituena eta Soraluze zerrenda horretan dago: “Ez dago lehenengo multzoan baina bai bigarrenean”. Arriskua areagotzen duten faktoreen artean hiru nabarmendu zituen: “Etxeak ibaiari pegatuta daude, zubiak txikiegiak dira eta ibaian dauden presek eragin handia dute uholde arriskuan”. Horrekin batera, hamar, ehun eta mila urtean behin gertatzeko probabilitatea dagoen ezohiko uholdeek zein eremu inundatuko luketen azaldu zuen, koloreztatutako mapa baten bidez (ikusgai dago argazki bilduman) eta ohartarazpen bat ere egin zuen: “Gerta liteke hamar urtean edo ehunean ezer ez pasatzea baina lehenago edo beranduago gertatuko da”.
Hiru aktuazio
URAko teknikariak azaldu zuenez, gaur egun, hirigintza planak aipatutako inundabilitate mapa horren arabera diseinatzen dira eta baimenak ere horren arabera ematen edo ukatzen dira eta horregatik da garrantzitsua arriskua murriztea. Horretarako, azken urteetan, bataz beste, 14 milioi inguru bideratu dituzte arrisku handieneko guneetan “oztopoak” kentzera eta orain, asmoa dute “arrisku txikiagoa duten eremuetan lanak” bideratzen hasteko, tartean Soraluzekoak, “non arrisku inportatea dagoen”.
Aktuazio horiek denak EAEko Uholde-arriskua kudeatzeko plana 2022-2027 dokumentuan daude jasota eta bertan Soraluzerako aurreikusita dauden aktuazioak hiru dira: Gabolatseko zubia eraitsi eta berria egitea, handiagoa eta zutaberik gabekoa; bi presatan aktuazioak burutzea (Malmeronekoan eta Olabarrenakoan); eta babes dikea eraikitzea Olabarrenako presaren aurretiko eta osteko zatian. Presetako aktuazioei dagokienez, Santosek jakinarazi zuen Aldundiak Merlin proiektu europarraren bitartez lau presatako aktuazioak finantziatzeko asmoa helarazi ziola Ura Agentziari eta harek eskatuta, "azterketa hidraulikoa" egin dutela, presak kentzeak inguruko eremuaren inundabilitatean izango lukeen eragina neurtzeko.
URAko teknikariak esplikatu zuenez, “presen eraginez sedimentua pilatzen da eta ur-lamina goratzen, uholde arriskua areagotuz”. Hain zuzen, "partzialki eraistearen lehen helburua da ur-lamina jaistea. Izan ere, Soraluzen ur emari handia datorrenean, uraren maila etxeetatik oso hurbil izaten da eta horrek arriskua areagotzen du ura etxeetan sartzeko. Presak beheratuta, ur-lamina ere jaitsi egiten da eta uholde-arriskua murriztu. Horixe da, ingurumen helburuekin batera, bilatzen dugun helburua”.
Azkenik, Soraluzeko lau presei dagokienez, Uraren Euskal Agentziak bere planean jasota dituen aktuazioen berri eman zuen. Aktuazio hauek, “Aldundiak bere planean jasota dituenetan daude oinarrituta eta planteatzen dena ez da presak erabat kentzea, horrek problema geoteknikoak planteatuko lituzkeelako ibai ondo etxeetan, baina bai partzialki eraistea, presaren erdialdeko partean, hamabost bat metroko luzeeran, gutxi gora behera metro bateko altuera kenduz. Horrekin lortuko litzateke ur lamina modu esanguratsuan jeistea, galdu gabe presaren egitura eta efektu bisuala”. Horiek dira URA Agentziak bere planean Olabarrenako eta Malmeroko presetarako jasota dituen aktuazioak. Olako eta Zuloagako presak ez daude jasota agentziaren planean, Olakoaren kasuan “ez delako hain kritikoa eta ez lukeelako horrenbesteko onurarik ekarriko” eta Zuloagakoarenean, berriz, “ez duelako eragin garrantzitsurik inundabilitateari dagokionez”.
Santosen esanetan, Uraren Euskal Agentziak aurreikusiak dituen aktuazio horiek guztiak burutuko balira, Soraluzen uholde-arriskupean dagoen eremua "modu esanguratsuan" murriztuko litzateke eta hori “oso garrantzitsua” izango litzateke herriaren etorkizuneko garapen urbanistikorako.
Hitzaldia amaitu ostean, Urako teknikariak herritarren galderei erantzun zien (denak bideoan).
Oharrak: Plaentxia.eus-ek datozen egunetan kaleratuko du saioaren bigarren atalean Alfredo Moraza Aranzadiko teknikariak eskaini zuen hitzaldiaren laburpena eta bideoa.