Abiatu da Udalak "ibaiko presekin zer egin erabakitzeko" antolatu duen "partaidetzazko prozesua". Atzo egin zen lehenengo saioa eta jende mordoxka batu zen bertan. Bi ordu pasatxo iraun zuen eta giro lasaian joan zen.
Lehenik, Alkateak prozesuaren tempusen eta helburuen berri eman zuen eta ostean, Gaizka Aranguren adituak ordubetelphitzaldi pedagogikoa eskaini zuen. Ondoren, herritarrek presek ibaiari eragiten dizkioten kalteak eta onurak zerrendatu zituzten eta zenbait galdera egin zizkioten Arangureni.
Prozesu “bizia"
Saioaren hasieran Unai Larreategi Alkateak hartu zuen hitza eta bertaratu ziren herritarrei “eskerrak” eman eta gero, prozesuaren nondik norakoen berri eman zuen. Hasteko, prozesuaren helburua zein izango den azaldu zuen: “Prozesuaren helburua izango da soraluzetarrek ibaiarekin eta presekin zer egin nahi duten eztabaidatzea, aurrera begira hartu behar diren erabakiak herritarren iritziak kontuan hartuta har daitezen. Helburua ez da Merlin bai ala Merlin ez”. Ostean, azaldu zuen prozesuak ez duela izango “amaierako datarik”: “Prozesu bizi bat izango da. Lehen zati hau azaroan amaituko da eta egia da data horrek kointziditzen duela Diputaziotik ipini diguten datarekin (azaroak 30), baina garbi esanda, gure esku egongo dela denari baietz esan, parte bati baietz esan edo denari ezetz esatea. Diputazioak onartuko du gure erabakia. Galdera inportantea: helduko gara azaro amaierara gauzak argi ditugula erabakia kontsentsuz hartzeko? Ba, ez dakigu”.
Ondoren, azaroan zehar egingo diren gainerako saioen berri eman zuen. Hala, bigarren saioa, azaroaren 8an egingo dute eta bertan, Ura Agentziako eta Aranzadiko kideak izango dira hizlari, hurrenez hurren, uholde arriskuen inguruko informazioa eman eta presen ondareari balioa emateko proposamena aurkeztuko dute. Hirugarren saioaren data zehaztu gabe dago, baina bertan GDI taldeak izango du hitza, taldeak hala eskatu eta gero, Udalak onartu baitu saio monografiko bat eskaintzea. Azkenik, azaroaren 29an laugarren saioa egingo da, aurreko saioetan esandakoak jaso eta ondorioak jasotzeko.
Datozen orduetan, Plaentxia.eus-ek lehen saioaren gaineko informazio gehiago argitaratuko du.