Zure ustez zein ekarpen egin dezakezu presen auzian?
Ni ondarearen eta ibaien osasunaren arteko zubiak eraikitzen saiatzen naiz. Soraluzen ere horrela egiteko eskatu didate eta uste dut ekarpena egin dezakedala.
Zein izan daiteke Soraluzen auzia bideratzeko modurik egokiena?
Halako presak edo oztopoak herriguneetan daudenean, identifikazioa eman ohi da herritarren eta parajearen artean eta hori ulertu egin behar da. Presa horiek ekarpen bat egin diote inguruan bizi izan den komunitateari; hori oso inportantea da eta oso aintzat hartzekoa.
Egia da horrelako parajeek sortzen dutela askripzio emozional handia eta hori ulertu egin behar da. Alde batetik, dago presa horiek bere garaian egin dioten ekarpena inguruan bizi izan den komunitateari eta hori oso inportantea da eta oso aintzat hartzekoa; hasieran errota zirenak, gerora herriko lehenengo argindarra eskaini zuten zentral hidroelektriko txikiak zeuden… Gaur egun, [presak] leku askotan, bihurtzen dira sozializaziorako, bañurako, aisialdirako, poztasunerako eta ongi pasatzeko tokiak. Beste kasu batzuetan, bihurtu dira herri bateko postala. Baina hori ere aintzat hartu behar da.
Gauza horiek guztiak kontuan hartu behar dira eta ikusi behar da presa horietako bakoitzak ze balio izan dezakeen momentu honetan, iraganeko erabilpenen agerpide diren heinean, eta ikusi behar da presa horrek sortarazitako parajeak zein leku betetzen duen gaur egun herritar komunitatearen iruditerian.
Horrekin batera, kontuan hartu behar da ingurumen ikuspegia eta normalean gertatzen zaiguna da gizakiok ez ditugula ezagutzen era honetako eraikuntzek ibaiaren ekosisteman sorrarazten dituzten kalteak, zeren eta presek kalteak sortzen dituzte ibaiaren ekosisteman. Hori ukaezina da.
Beraz, zer egin daiteke? Ba, kasu bakoitza aztertu! Batetik, neurtu ondarearen ikuspegitik eta komunitatearen iruditerian duten garrantzia; bestetik, ibaiari sortzen dioten kaltea, eta bi alde horien arteko zubian, puntu batean edo bestean, elkartuko gara seguru. Horrez gain, badira uholde arriskuari eta hirigintzari lotutako alderdi legalak eta horiek ezin ditugu baztertu. Gustatu ala ez, ezarriko direlako.
Beste leku batzuetan ere badira presak botatzeko proiektuak. Horietan, zer ari da gertatzen?
Oso inportantea da kasu bakoitza aztertzea eta lekuan leku zubiko puntua erabakitzea. Euskal Herrian badaude bi adibide paradigmatiko bereziki ulergarriak eginen zaizkigunak eta bai aurreratu ditzakedanak, ezagutzen ditudalako. Bat da Endarlatsako presa, Bidasoan, Izokinen presa deitzen zitzaiona, hori bota egin da eta bertzea da Burgikoa, almadiak jeisten direna, hori mantendu egin da.
Endarlatsan eztabaida egon zen. Bazegoen arrantzale komunitate bat eta komunitate horrek defendatzen zuen presa egokia zela izokinek babes har zezaten eta biologiak erakusten duena da guztiz kontrakoa: oztopoek min egiten dietela izokinei, gainditu behar dituztelako. Alde horretatik, argudioa ez zen oso indartsua eta ezin zen aintzat hartu, aditu guztiek kontrakoa errana zutelako. Arrantzale komunitate horrek bazituen bere errituak, bere tradizioa, bere mikrotoponimia, iruditeria… Kasu horretan zalantza oso gutxi zegoen: ez zegoen argudiorik izokina izorratzeko, arrantzaleek gehiago arrantzatu zezaten. Oso nabarmena zen.
Goazen Burgiko kasura. Denok izango dugu gogoan nola urtean behin almadia bat edo bi jeisten diren hortik. Estatu mailako festa turistikoa da eta jende asko joaten da. Gaur egun, Ezka ibaiak ez du egurrik garraiatzen baina bertako imaginarioan oso errotuta daude almadiak. Urtero urtero hainbat boluntariok jakintza hori gauzatzen dute eta oso inportantea da beren identitatean. Eta gainera sortzen da horren inguruan aktibitate ekonomiko bat bertan bizitzea ahalbidetzen duena. Hori guztia aintzat hartuta eta jakinik presa horrek min egiten diola ibaiaren ekosistemari, nik ez nieke proposatuko Burgikoei bota dezaten. Ni, gaur egun, Burgiko kasuan, ez nintzateke eztabaida horretan sartuko. Burgiko kasuan. Horregatik diot kasu bakoitza aztertu behar dela eta informazio guztia jaso, baloratu eta erabaki ahal izateko.