Atzo, martitzena, Mesedeetako egoitzan lanean diharduten hainbat langilek, haien senideek eta pentsiodunen mugimenduko hainbat kidek elkarretaratzea egin zuten Plaza Berrian ELAk deituta, 30 lagun baino gehiago elkartu ziren.
Bi puntu nagusi salatu zituzten: egoitzaren kudeaketa eta haren eraginak eta langileen egutegia erabakitzeko egingo den bozketa.
"Pertsonal falta"
Egoitzaren kudeaketari dagokionez, salatu zuten zeregin hori Aita Menni enpresari 110.000 euroko aurrekontuarekin emateak ez duela arazoa konponduko. “Enpresa pribatu baten irabaziak areagotu dira eta bitartean egoitzan dagoen egoera okerragoa da: pertsonal falta dago, egoiliarrak behar bezala artatzeko baliabiderik gabe daude eta ezinbestekoa da zuzendaritza eraginkor bat egotea eguneroko arazoei aurre egiteko” salatu zuten, esanez, egoera “jasanezina” dela. Horri buelta emateko “zuzendaritza eraginkor bat” ezinbesteko ikusten dute.
Bozketarekin desados
Ildo horretan, langileen lan egutegia erabakitzeko biharko, irailak 28, deituta dagoen bozketan ez dutela parte hartuko jakinarazi zuten. Bozketa hori LAB sindikatuaren eskariz egingo da. Uda aurretik, hainbat astez, hori lortzeko elkarretaratzeak egin zituzten egoitzako beste hainbat langilek eta egoiliarrek LAB sindikatuak deituta, eta, uztailaren 6an jakinarazi zuten lortu zutela eskatutakoa. Artikulua hemen irakurgai.
Bada, bozketa horretan ez parte hartzeko ELA sindikatutik helarazitako arrazoiak honakoak dira:
- “Bozketa honetan parte hartu behar duten langileak erizain laguntzaileak izanbehar dutela eta ez langile guztiak (ulertzen baita erizain laguntzaileen egutegiei buruz ari bagara, ez duela zentzurik beste kategoria bateko langileek bozka ematea)
- Eskubide indibidualak errespetatzea. Zenbait langileek kontziliazio neurriengatik edo beste arrazoiengatik sententziak irabazita dituztelako.
- Txanda guztiak bozkatu behar direla (goiza, arratsaldea eta gaua)”.
ELAtik salatu dutenez, “zuzendaritzak eta LAB sindikatuak entzungor egin diete ELAren eskakizunei eta bozketa aurrera eramango da langileen eskubideak bermatu gabe”.
Bukatzeko, Soraluzeko Udalari eskaria egin diote “egoitzan dauden arazoei konponbidea emateko beharrezko neurriak har ditzan”. LAB sindikatuari, berriz, “urratsak” eskatuko dizkio “langileen eskubideen defentsa bermatzeko”.