Mesedeetako egoitzako LAB sindikatuko ordezkariek gutuna bidali zuten Pil-pilean aldizkarira, hainbat salaketa eginez. Diotenez, besteak beste, “lehen eta bigarren mailako langileak daude egoitzan. Honen ondorioz, langile batzuek beraiek nahi dituzten lan-txandak aukeratzen dituzte, eta, beste batzuk sobratzen diren txandak egitera kondenatuta” daude.
Egoera hori salatzeko, bihar, eguena, bi elkarretaratze egingo dituzte, 11:00etan bata eta 19:00etan bestea, biak ala biak Plaza Berrian.
Protestarako arrazoiak
Hona hemen Pil-pileanera bidali duten gutuna, osorik:
“Gutun hau, Soraluzeko Mesedeetako Ama egoitzako langile batzuek idazten dugu. Egoitzan bizi dugun lan egoera konpontzen ez dela ikusita, publiko egitea pentsatu dugu gertatzen ari dena. Zuzendaritzarekin ahaleginak egin ditugu gauzak bideratzeko, aurrerantzean ere gu prest egongo gara konponbidea topatzen ahalegintzeko, baina nekatu gaude egoerarekin. Ezin dugu horrela jarraitu. Lehen eta bigarren mailako langileak daude egoitzan. Honen ondorioz, langile batzuek beraiek nahi dituzten lan-txandak aukeratzen dituzte, eta, beste batzuk sobratzen diren txandak egitera kondenatuta gaude. Eskubide laboraletan oinarrituta dagoela esaten digute, baina pribilegioak dira. Urteetan zehar eraikitako pribilegioen baitako lan antolaketa dago egoitzan. Bada garaia arazo hau behingoz konpontzeko. Langile batzuek asko sufritzen dihardugu bizi dugun lan egoera negargarriarekin. Langileen arteko lan-giro eskas horrek, gainera, eragina dauka ematen den zerbitzuan. Eta horrela ezin dugu jarraitu, egoera konpondu beharra daukagu ahalik eta azkarren. Langileon osasunagatik, eta, batez ere, gure egoitzako egoiliarrengatik”.