Domekan, bete-beteta egongo da Ezoziko futbol zelaia. 15:45ean hasita, jokalarien aurkezpen ekitaldia egingo dute. Futbol Eskolatik hasi eta Gorengo mailara bitartean, aurten Soran ibiliko diren 10 futbol taldeak aurkeztuko dituzte, 120 jokalari baino gehiago. Baita talde bakoitzeko entrenatzaileak eta delegatuak ere.
Bazkidetza eta ekipazio berriak
Ekitaldia aprobetxatuz, bazkidetza kanpaina egingo dute. Urtean 30 euroko kuota ordaindu behar da Sorako bazkide izateko. Bazkidetzari buruzko informazioa helarazteaz bat, orain arteko bazkideen kontuak domizializatzeko datuak ere hartuko dituzte.
Horrekin batera, Soraren ekipazio berriak zein bestelako jantziak erosteko aukera eskainiko dute. Ekipazio berriei dagokienez, lehen taldearen jantziak MGS aseguruak babestu ditu eta Lagak, berriz, bigarren ekipazioa, bai Gorengo mailan eta baita Jubenil mailan ere.
Domeka arratsaldea borobiltzeko, Gorengo mailakoek ligako lehen partida jokatuko dute, Mikel Cid ermuarra entrenatzaile berri dutela. Eibarko Urki taldearen kontra da norgehiagoka, 17:45ean.
Orain arteko aurre-denboraldian, lagun arteko hiru partida jokatu ditu Sorako lehen taldeak eta “itxura ona” hartu diote iaz berreskuratutako Gorengo mailan lehiatuko den taldeari.
Infantilak, kadeteak eta jubenilak
Domeka arratsaldeko hitzorduez aparte, domeka goizean estreinaldia izango dute Infantil mailako bi taldeek, 10:00etan zein 12:00etan; lagunarteko bi partidetan, Eibarko Urkiko taldeak izango dituzte aurrez aurre.
Eta domekakoez aparte, zapatuan bi hitzordu izango ditu Sorak. Batetik, kadeteek Ezoziko futbol zelaian jokatuko dute, 11:00etan, Tolosaren kontra eta bestetik, jubenilek Bergaran jokatuko dute, 16:00etan, lagunartekoa.