Soraluzeko Jaiak

Gozatu ederra pilota jaialdiarekin

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 22a, 13:10

Atzo, barikua, pilota jaialdi ikusgarria jokatu zuten Atxotegik eta Balerdik Xala eta Pascualen kontra. Araneko pilotalekuko harmailak jendez beteta zirela, gogotsu kantxaratu ziren bi bikoteak eta dena eman zuten, tanto ikusgarri askoak eginez. Markagailua bisitarien aldeko bukatu zen arren (13-22), ikusleek gozatu ederra hartu zuten atzokoan (Bideoan tanto ikusgarrietako batzuk). Partida nagusiaren aurretik, berriz, jubenilek jokatu zuten. Alde gutxigatik, baina, bisitariek irabazi zuten. (Argazki sorta barruan).

Pareko hasi zen Atxotegiren eta Balerdiren eta Xalaren eta Pascualen arteko partida. Bikote batak zein besteak tanto egin kale egin ibili ziren, harik eta elkarri neurria hartu arte. Laugarren tantoan, berriz, katigatu ziren etxekoak eta bisitariek aldea hartu zieten 7-13 ipintzeraino.

Harmailak argi eta garbi etxekoekin zeuden, Aitorren aldekoek indartsu animatzen zuten eta etxeko pilotariek dena eman zuten, tanto bikainak eginez. Baina gorenengo mailan urteetan izandako eskarmentua lagun, Xalak eta Pascualek eutsi egin zieten soraluzetarrei eta 13-22 amaitu zen partida.

Dena den, pozik asko irten ziren ikusleak pilotalekutik, “oso-oso ondo jokatu dute!” esanez. 

Jubenilak

Bestalde, partida nagusiaren aurretik, jubenilek jokatu zuten. Soraluzetik Eki Amuategik eta Ibon Ibarrak jokatu zuten Mikel Caramanzanaren eta Haitzart eta Iraolagoitiaren kontra. 

Hasieran atzera samar geratu ziren Soraluzeko Pilota Elkartekoak, bisitariek 1-8 egiteraino. Hortik aurrera, apur bat parekatu zen norgehiagoka. Azkenean, 16-22 egin zuten, bisitarien alde.