Biharkoa "partida gogorra, ikusgarria" izango dela esan du jaialdiko antolatzaile eta Soraluze Pilota Elkarteko arduradun Aitor Atxotegik. Eta ez da gutxiagorako, izan ere, pilotan, urte luzez gorenengo mailan jardun duten bi pilotari izango dituzte aurrez aurre etxekoek, Xala eta Pascual.
'Xala', saridun handia
Yves Salaberri Xalari dagokionez (Lapurdi, 1979), profesionaletan ibilbide luzea eta oparoa egin duen aurrelaria da. Besteak beste, buruz buruko txapeldun izan da eta txapeldunorde birritan; binakako txapelduna hirutan -bat Aritz Laskurainekin- eta txapeldunordea behin, eta, baita lau t'erdiko txapeldun ere.
Pascual, binaka nagusi
Pascuali dagokionez (Abarzuza, 1976), berriz, profesionaletako ibilbidean, urte luzez, Xalak bikote izan duen atzelaria da. Pascualek 17 urte egin zituen maila handian eta batik bat binaka jokatuz nabarmendu zen, besteak beste, txapeldunorde izan zen. Aritz Laskurain soraluzetarrarekin batera agurtu zen kantxetatik, Soraluzen.
Jubenilen partida
Partida nagusiaren aurretik, Jubenil mailakoek jokatuko dute eskuz binakakoa. 19:00etan hasita, Soraluzeko Pilota Elkartean diharduten pilotariek Eibarko taldeko kide bat izango dute laukotea osatzeko lagun. Hala, Eki Amuategi soraluzetarrak eta Ibon Ibarra eibartarrak aurrez aurre izango dute Mikel Caramanzana debarra eta Haitzart Iraolagoitia mendaroarra.