Zentral eolikoa Karakaten

Ekimen herritarra Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari alegazioak aurkezteko

Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 12:12

Gipuzkoako hainbat herritako taldeen ordezkariak aste honetan Itziarren.

Gipuzkoako hainbat taldek ekimena abiatu dute herritarrek Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari aurkeztuko zaion alegazio herritarra sinatu dezaten. Gaurtik, barikua, Soraluzen Karakate Bizirikek mahaiak jarriko ditu alegazio herrikoiaren alde sinadurak batzeko. Bestalde, hemen klikatuta ere eskura daiteke alegazio herritarraren dokumentua, zuzenean norberak sinatu eta herriko taldeari entregatu ahal izateko. 

Ondorengo iritzi artikuluan azaltzen dituzte alegazioaren nondik norakoak. Ondorengo taldeek sinatu dute: Biolur, EHKOlektiboa, Oletan ere ez (Azkoitia), Sañu Bizirik (Azpeitia, Zestoa), Karakate Bizirik (Elgoibar, Bergara, Soraluze), Andatza-Ezkeltzu Bizirik (Zizurkil), Aldabazaharreko lagunak (Tolosa) eta Itziarko Auzo Udala (Andutz).

 

Herritar arruntoi administrazioaren eta legeen hizkuntzak arrotz egiten zaizkigu; galdu egiten gara kontzeptu, sigla eta araudi administratiboen epe eta hierarkietan. Naufragoak gara horien ozeanoan. Beti dago une bat, ordea, non pasatzen zaren naufragoa izatetik  itoa izatera.

Herri-buelta osoa plaka fotovoltaikoz edo aerosorgailuz inguratzeko arriskua dagoela enteratzen zarenean. Edo ganadua larratzeko erabiltzen dituzun herri-lurrak plakaz estaliko dituztela esaten dizutenean. Edo maite duzun mendi hartan, bizitza markatu dizun mendian –lagunekin pasatako lehen gaua, amaren errautsak zabaldu zenituzten eguna, txikia bizkarrean tontorra zapaldu zenuen goiza...–, aerosorgailuetara heltzeko, gutxienez bost metro zabal dituzten errepideak ireki behar dituztela jabetzen zaren unean.

Beste mamu are handiago bat

Askori halaxe gertatu zaigu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) argitaratu denean. Bertan proposatzen dira EAE osoan zentral eoliko eta fotovoltaikoak instalatzeko guneak, 30 megawatt baino handiagoei dagozkienak. Horrek ez du esan nahi aurreikusten diren zentral ez hain handiak baztertzen direnik, inondik ere. EAEko hainbat txokotan 30 megawatt baino gutxiagoko proiektuen mehatxupean ginenok, orain beste mamu bat dugu, are handiagoa.

Lehendik mobilizatuta zeuden eskualdeei berriak batu zaizkie, eta hango eta hemengo herritarrok  EEBB LPSri alegazioak aurkezteko zoramenean murgildu gara. Jada baditugu alegazioetarako dokumentu bat baino gehiago. Irekita dago alegazioak aurkezteko epea, eta uztailaren 24an bukatu egingo da. Gure helburua argia da: Lurralde Plan sektorial hau ez dadila onar.

Lurraldearen industrializazioa

Hona ekarri gaituzten arrazoiak askotarikoak dira.

Ezer baino lehen, ezinbestekoa egiten zaigu aipatzea denontzat nabarmena den gure lurraldearen industrializazio- eta urbanizazio-maila, ahaztu gabe maila horretara heltzeko nonahi egin diren lur-mugimenduak eta bete-lanak. Eusko Jaurlaritzaren txostenetan ere aitortzen dute Plana gauzatzeak ekarriko duela lurzoru natural edota landatarreko azalera handien okupazioa, eta horrek ondorio negatiboak izango dituela.

Egun, landazabaleko nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen diren ehunka hektarea estaliko dira plaka fotovoltaikoz; eta horiei gehitu behar dizkiegu zentral eolikoak eraikitzeko porlanez estaliko diren eremuak, sarbideak egiteko.

Gure iritziz, EEBB LPSan proposatzen diren azpiegiturak –eta horretan azaltzen ez direnak– bateraezinak dira elikadura subiranotasunaren helburuarekin. Ez bakarrik janaria sortzeko lurrak galduko direlako; baizik eta zentral eoliko eta fotovoltaiko horiek instalatzen diren eskualdeetan inor asko geldituko ez delako, ez elikagaiak sortzeko, ez paisaiak mantentzeko. Halaxe gertatu da beste lurraldeetan, eta hainbat unibertsitatetan egindako ikerketek berresten dute joera hori: aurreikusten diren tamaina horietako zentralen instalazioak despopulazioa dakar. Landa-eremuan dagoen zerbitzu publikoen gabeziak zailtzen du bertan bizitzea; politika publikoak diseinatu eta txertatzen dituztenek halaxe erabaki dutelako. Egun, EAEn kontsumitzen diren elikagaien %4 baino ez da bertakoa; eta hori ere, ez da ausazkoa, baizik eta nekazaritza eta elikadura politikak horretara bideratu direlako.