Hamaiketarako minutu gutxi falta zela, jendez bete da osoko bilkuren aretoa, EH Bilduren zaleekin eta zinegotzi izango diren senideekin eta lagunekin.
Lehenengo, idazkariak hartu du hitza eta osoko bilkuraren nondik norakoak azaldu ondoren, adineko mahaia osatu du, Ana Maiztegi eta Maite Kintanilla hautetsiekin.
Zin egin dute
Bietan nagusienak, Maiztegik, zin-egiteko formula irakurri die gainerako hautetsiei banan-banan: “Onartzen duzu hautatua izan zaren zinegotzi kargua, eta, zin egiten duzu zintzo eta leial beteko dituzula horri dagozkion betebeharrak eta ordenamendu juridikoa?”. Hautetsiek, berriz, onartu eta zin egin dute; Iker Aldazabal eta Ramon Gallastegi jeltzaleek “legeak horrela agintzen duelako” esaldia gehituta.
Alderdi sozialistak hautagaitzarik ez
Segidan, alkatea izendatzeko bozketa egin dute. PSE-EEk ez du hautagairik aurkeztu, beraz, Iker Aldazabal Basauri eta Unai Larreategi Azurmendi izan dira alkategaiak.
Bozketa izenezkoa izan da; hau da, zinegotziei banan-banan galdetu zaie botoaz, ahots-goran. Iñaki Rubio eta Patricia Borinaga sozialistek zuri bozkatu dute.
EH Bilduko Ainara Osorok, Jone Alberdik, Ana Maiztegik, Maite Kintanillak, Unai Larreategik eta Iker Uzinek, berriz, Unai Larreategi bilkideari eman dizkiote botoak.
Azkenik, Iker Aldazabalek, Ramon Gallastegik eta Veronica Galarraga jeltzaleek Iker Aldazabalen alde bozkatu dute.
Horrenbestez, Unai Larreategi izendatu dute alkate, hark karguari zin egin ondoren. Jarraian, alkate berria udalbatzaren erdian eseri eta hitza eman die udal ordezkari politikoei.
"Oposizio konstruktiboa"
Patricia Borinaga sozialistak alkatea zein haren taldea zoriondu ondoren, aditzera eman du “saiatuko” direla “oposizio konstruktiboa” egiten. “Soraluzerendako ona den horretan hemen egongo gara eta zerbaitekin ez bagaude ados, ba ez”.
Iker Aldazabal jeltzaleak, berriz, diskurtso luzexeagoa egin du. Lehenengo “eskua luzatu” dio gobernu berriari, “kasu honetan oposiziotik, elkarlanean, Soraluze eraikitzen jarraitzeko bertako bizilagunen bizi kalitatea eta beharrak asetzeko asmoz”.
Proiektuak eta kudeaketa ekonomikoa
Ondoren, azken agintaldiko lorpenak laburbildu ditu, bi puntutan. Batetik, “Udalerrirako lortu diren baliabide ekonomikoak eta proiektuak”, ur-txorroak, kiroldegiko eguzki panelak, SAPAko pabilioia birgaitzeko proiektuak, Gabolatseko zubi berria, Pascual Churrucako etxebizitzen proiektua, Olaldeako plan bereziaren aldeko apustua, Ezozibidea Berritzen, eskolako igogailua eta neguan egingo den 1.320 zuhaitzen landaketa, besteak beste.
Bestetik, kudeaketa ekonomikoari dagokionez, gogora ekarri du 2015ean, Udalera sartu zirenean 78.000 euroko gerakina zegoela eta 2023an, berriz, 1.008.498 euroko gerakinarekin laga dutela Udala.
Eskerrak eta akorduak
Azkenik, alkateak hartu du hitza. Lehenengo eta behin, Unai Larreategik eskerrak eman dizkie “gaurkoa posible egin” duten guztiei, atzean lanean ibili direnei, oraingoei eta lehengokoei eta euren aldeko botoa eman zutenei.
Ondoren, “akorduan” izan ditu gaurko osokoan “gustura” egongo zirenak baina ezin izan direnak egon eta bi aipamen berezi egin ditu. Lehena herenegun hil zen Maria Angeles Oregi bizilagun zuen “bezindadeko amamari” egin dio; hunkitu ere egin da puntu horretan. Bestetik, gogoan izan du, maiatzaren 28ko hauteskundeetan ezbeharra izan ondoren hil egin zen Elias de Castro zinegotzi sozialista izandakoa, eta, herriaren alde egindako lana aitortu dio hari.
Zeregina eta egiteko modua
Politika kontuetan sartuta, berriz, Larreategik azpimarratu du kanpainan iragarri zutena beteko dutela, elkarlanean eta elkarrekin. “Esan dugun hori egingo dugu. Zeregina inportantea da, baina nola egiten denak ere garrantzia handia dauka. Filosofiaz, ahaleginduko gara lan hori elkarrekin egiten, zinegotzi, alderdi guztiok, baina baita ere, herritar, eragile, kaletar, enpresak… ahalegindu behar gara Plazentzian aktore diren guztiekin lan egiten elkarrekin, gure Plazentziatxok aurrerabide bat izango badu hortik eraikiko dugulako. Hori guztia aldarte onarekin. Ahalegina egin behar dugu disfrutatzeko, gozatzeko eta aldarte hori herriak ere bere egin dezan, bizipozerako beste gogo bat”.
"Hanka-sartze estrategikoa"
Horrekin batera, ikuspuntu politikoago batetik, Espainian handitzen ari den PP-VOX mugimendua indartzeak “barruak mugitzen” dizkiola esan ondoren, kritikatu egin du hemen “sistematikoki PPren bozkak” erabiltzen ari direla “hainbat eremu instituzional EH Bilduri kentzeko”.
Adierazi du hori “epe ertain-luzera hanka-sartze estrategikoa” dela “zuriketa hori ematea jende horri”, eta, esan du gero “negar egiteak” batzuetan ez duela “balio izaten”. “Elikatzea Espainian dagoen giro hori halako akordio eta paktuekin… Ni seko harrituta eta arduratuta nago panorama horrekin, ez horrenbeste EH Bildu kentzearren, da batez ere ze bidelagun aukeratzen diren aurrera bidean herri honetan zein Espainian”.
"Zaindu gaitezen elkar eta irribarre egin"
Behin hori esanda, berriro ere eskerrak emanez bukatu du diskurtsoa, eta esan du “arduraz jokatzen” ahaleginduko direla “martxan dauden proiektuekin zein jarriko diren berriekin”. “Zaindu gaitezen elkar eta irribarre egin. Eskerrik asko denei eta aupa Soraluze!”.
Azkenik, herritarrei ere eman die hitza alkateak. Mauri Muro herritarrak Udal Gobernu berria zoriondu du eta politikagintza egitera animatu diren gazteak goraipatu ditu.