Udal eta Foru Hauteskundeak (2023)

"Gure programa garatu ahal izateko aurkezten gara"

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 26a, 10:02

Patricia Borinaga.

Esperientzia, lanerako gogoa eta sozialisten programa garatzeko nahia nabarmendu ditu Patricia Borinaga hautagai sozialistak.

Azken lau hauteskundeetan alkategai. Zergatik berriro?

Asko eman dezaket urteotan lortutako esperientziatik, lanerako, kudeaketarako eta sustapenerako eta akordioak lortzeko gaitasuna, batik bat. Soraluzen, EAJk eta EH Bilduk gobernatu dute; badakigu zelan. Gustatuko litzaidake sozialistek zelan egingo genukeen erakusteko aukera izatea.

Soraluzek zertan egin du aurrera eta zertan okertu?

Hobetu denari dagokionez (sozialistok Ongizate, Haur eta Gazteria, Berdintasun eta Hiri Mantentze arloak kudeatu ditugu), kirol eta kultura-ekipamendu eta aisialdirako espazio berriak sortu dira, haur-parke gehienak berritu eta bi ikastetxeetako eta udal instalazio askotako instalazioak hobetu. Udal eraikinen eta kale-argiteriaren energia-eraginkortasuna hobetu da. Kalebarrenen Enplegu eta Gizarteratze zentroa sortu da, eta, lantegi-eskola bat. Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluak, Esperientziaren Gela eta Jabetze Eskola jarri dira abian eta Berdintasunerako III. Udal Plana onartu da. Okerrera egin dute, berriz, segurtasunak eta hiri-garbiketak.

Osatu duzuen lan-taldeaz zer nabarmenduko zenuke?

Udalerriaren ezagutza eta hura hobetzeko lan egiteko gogoa.

Soraluze da Gipuzkoako herririk pobreena; zein da zure proposamena hori iraultzeko?

Tokiko ekonomia aktibatzeko Udalak abian jar ditzakeen neurri eta laguntza puntualetatik haragoko jarduerak eskatzen ditu. Konponbidea beste erakunde eta eragile ekonomiko batzuk inplikatzeko gaitasunaren menpe dago. Arazoak ikuspegi osoa behar du, laneratzeko prestakuntzatik hasi eta industria, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko programa espezifikoak inplementatzeraino. Konponbidea erraza dela esaten duenak ez du egia esaten. Epe laburrerako konponbideak proposatzen dituenak ere, udal izaerakoak soilik, ez dio egia.

Egintzat eman dezakegu EAJrekin batera gobernatuko duzuela?

Gure programa garatu ahal izateko aurkezten gara. Ez inoren makulu izateko. Ez EAJrena, ez EH Bildurena. Maiatzaren 28an herritarrek zein lekutan jarri gaituzten jakingo dugu eta horren arabera jokatu beharko dugu. Hartuko dugun erabakia Soraluzerentzat onena dela uste duguna izango da.

Udal jardunean nekagarri egiten zaizu…

Burokrazia administratiboa. Asko moteltzen du dena.

Udal jardunean asebete zaituen ekimen bat…

Eusko Jaurlaritzak Pascual Txurrukan alokairu sozialeko 29 etxebizitza eraikitzea (2006tik ez) eta etxebizitza horien % 40 gazteentzat izatea lortzea.

Gainerako hautagaien bertute bat.

Iker Aldazabal (PNV), langilea; Unai Larreategi (EH Bildu) hizlari ona.

Gustuko leku bat Soraluzen.

Plaza Zaharra. Herritarren topaleku da eta gustuko dut jendearekin egotea eta berba egitea.

Irakurri duzun azken liburua.

Morder la manzana nobela grafikoa.

Afizio berezia.

Garaiko telesail eta pelikulak eta PINK!

Egunero kontsultatzen duzun komunikabidea…

El Diario Vasco, El Correo, El País, Naiz, Deia, e.a. Herriko kontuetarako, batez ere, Plaentxia.eus.