Udal eta Foru Hauteskundeak (2023)

"Erantzukizunez lan egingo duen gobernu berria behar da"

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 26a, 11:00

Elkarlanerako borondatea eta seriotasunez eta ilusioz lan egingo duen gobernu taldea nabarmendu ditu Unai Larreategi EHBilduko alkategaiak. 

Azken hiru hauteskundetan alkategai. Zergatik berriro?

Batetik, hauteskundez hauteskunde geroz eta herritar gehiagoren konfiantza jasotzen dihardugulako. Bestetik, aldaketarako gogo handia nabari dudalako herritarrengan. EAJ-PSEren 8 urteko gobernuak eman beharrekoa eman duenaren sentsazioa nahiko orokortua da. Seriotasunez eta ilusioz lan egingo duen gobernu talde berria behar du Soraluzek. Eta gogoz nago erronka horretarako.

Azken lau urteotan Soraluzek zertan egin du aurrera eta zertan okertu?

Agintaldi honetan hainbat gaitan lortu dugu EHBilduren iniziatibaz alderdi guztien arteko elkarlana bideratzea. EHBildutik urteak daramatzagu herri honetan elkarrekin lan egin behar dugula esaten. EAJ-PSEk egin izan dituzten gobernu paktuek EHBildu baztertu eta kontrako bidea elikatu badute ere, EHBildutik tematu gara eta lortu dugu oposiziotik ere elkarlan espazioak eraikitzea. Udal gestioan ordea talka dezente izan ditugu. Estrategia, norabide argirik gabe jardun dute, “okurrentzien” araberako erabakiak hartzen jardun dutenaren sentsazioa daukagu. Eta horrela ez dago Soraluze aurrera ateratzerik.

Osatu duzuen lan-taldeaz zer nabarmenduko zenuke?

Aurrerapauso potente bat eman dugu zerrenda osatzean. Ez daukat nik lan-taldearen bertuteak hauspotzen ibili beharrik. Herritarrek oso gustora hartu dute egin dugun planteamendua eta esker oneko hitzak eta animoak baino ez ditugu jaso zerrendakideok bueltan. Hortaz gain, soraluzetarron bizitza hobetzeko lan-taldean dagoen gogo eta ilusioa nabarmenduko nuke. Oso harro nago osatu dugun lan-taldeaz :-).

Datu ekonomikoen arabera, Soraluze da Gipuzkoako herririk pobreena; zein da zure proposamena hori iraultzeko?

Arazo estrukturala da. Ondorioz, ez dago formula magiko eta sinplerik. Urteetako gainbehera iraultzeko, helburuetan zentratutako estrategia sendo bat inplementatzea dagokigu Udalean. Konplexua izango da, baina erronkari ilusioz heltzeko pertsona eta proiektuak ditugu. Orain arte ez bezala, Udalak norabidea argi izan behar du.

Egintzat eman dezakegu gobernatzekotan bakarrik gobernatuko duzuela?

Beti izan dugu elkarlanerako borondatea, gobernuan egon garenean zein oposiziora bidali gaituztenean. Datozen urteetan herritarrek gobernatzeko ardura ematen badigute, bide horri eutsiko diogu. Hori delako Soraluze bizigarriago bat eraikitzeko modurik eraginkorrena.

Udal jardunean nekagarri egiten zaizu…

Estrategiarik gabeko udal jarduna.

Udal jardunean asebete zaituen ekimen bat…

EH Bildutik etengabe ekarpenak egiteko izan dugun jarrera, gobernu taldetik gutxiegitan hartu arren kontuan.

Gainerako hautagaien bertute bat.

Ikerrek lanerako borondatea eta Patriciak esperientzia.

Gustuko leku bat Soraluzen.

Mendigaina.

Irakurri duzun azken liburua.

La SAPA de los Aperribay.

Afizio berezia.

Musika, kirola eta dantza.

Egunero kontsultatzen duzun komunikabidea.

Plaentxia.eus.