Udal eta Foru Hauteskundeak (2023)

"Herria birgaitzeko proiektuak geureganatzea da gure helburua"

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 26a, 10:10

EAJ-PNVren alkategai Iker Aldazabalek azpimarratu du euren kudeaketaren helburua dela Udalaz gaindiko erakundeekin elkarlanean, herriarentzako baliabide ekonomikoak eta herria birgaitzeko proiektuak bereganatzea. 

Azken bi legealditan alkate, lau hauteskundetan, berriz, alkategai. Zergatik berriro?

Proiektuak adostu, finantzazioa lortu eta hauek martxan jartzeak legealdia gainditzen du denboran. Hau horrela, proiektu hauei amaiera emateko beharrezkoa da beste legealdi bat eta horregatik eta nire herriaren alde lan egiteko hartutako konpromisua oinarri, berriz ere, nire burua aurkezten dut alkategai izateko.

Azken lau urteotan Soraluzek zertan egin du aurrera eta zertan okertu?

Pairatzen dugun langabezia tasa oraindik ere oso altua da. Buru-belarri gabiltza lanean egoera honi aurre egiteko baina denbora behar da. Udalaz gaindiko erakundeetatik lortu diren 12.000.000 miloi euro baino gehiagori esker, degradatutako eremu urbanistikoak birgaitzeko lanak bideratu ditugu. Besteak beste; Pascual Churruca, Sapa, Ezozibidea, Gabolatseko zubi berria, Plaentxi herri Ikastetxeko igogailu panoramikoa, Muskiritzuko mendilerroko basoberritzea….

Osatu duzun lan-taldeaz zer nabarmenduko zenuke?

Esperientzia, eskarmentua eta herriarekin konprometituta dauden lankideak dira. Herriak dituen erronkak eta beharrak zeintzuk diren ezagutzen dituzte eta azken lau urteetan egin duten bezala, hauei bide emateko gaitasuna eta prestutasuna azaldu dute.

Datu ekonomikoen arabera, Soraluze da Gipuzkoako herririk pobreena; zein da zure proposamena hori iraultzeko?

Herriaren eta udalaren egoera sozioekonomikoaz jakitun, argi daukagu guk bakarrik ezin diegula aurre egin herriak dituen erronka nagusiei. Hau horrela, azken legealdian egin dugun bezala, udalaz gaindiko erakundeekin elkarlanean, herriarentzako baliabide ekonomikoak eta herria birgaitzeko proiektuak gureganatzea da gure kudeaketaren helburua.

Udal jardunean nekagarri egiten zaizu...

Nekagarri egiten zait proiektu bat egitea pentsatzen denetik, errealitate bihurtu arte, udal tramitazioak denbora luzea behar izaten duela.

Udal jardunean asebete zaituen ekimen bat.

Muskiritzuko mendilerroan landatu ditugun 6.700 zuhaitz.

Gainerako hautagaien bertute bat.

Alkatetzarako hautagai bezala, herriaren alde lan egiteko hartu duten konpromisoa.

Gustuko leku bat Soraluzen.

Muskiritzuko mendilerroa.

Irakurri duzun azken liburua.

Juan Sebastian Elkano: Ingurua, Ibilbidea eta Epika. (Jose Antonio Azpiazu eta Javier Elorzarena).

Afizio berezia.

Ortugintza eta hegaztiekiko zaletasuna.

Egunero kontsultatzen duzun komunikabidea.

Plaentxia.eus.