Kiroldegiko hauteslekuan bost mahai izango dira eta haietan, hautets-erroldan ageri diren dauden bizilagunek, bizitokiaren eta abizenaren arabera eman ahalko dute botoa, ondorengo eran antolatuta:
- 1.1.A barrutia (A letratik H letrara): Kalebarren, Santa Ana, Etxaburueta, Elizburu, Estaziño, Alejandro Calonge, Olea, Zeleta, Frontoia, San Andres eta Txurruka.
- 1.1.B barrutia (I letratik Z letrara): Kalebarren, Santa Ana, Etxaburueta, Elizburu, Estaziño, Alejandro Calonge, Olea, Zeleta, Frontoia, San Andres eta Txurruka.
- 1.2.U barrutia (A letratik Z letrara): Gabolats, Ezozibidea, Arraikua, Loralde eta Ezozia.
- 2.1.A barrutia (A letratik I letrara): Txurruken, Gipuzkoa etorbidea, Errekalde, Atxuri, Errabal, Baltegieta, Sagarrerreka eta Irure.
- 2.1.B barrutia (J letratik Z letrara): Txurruken, Gipuzkoa etorbidea, Errekalde, Atxuri, Errabal, Baltegieta, Sagarrerreka eta Irure.
Boto eskubidea
Soraluzen, 2.765 herritar dira botoa emateko eskubidea dutenak; 18 urte beteak izan, espainiar nazionalitatea eduki eta legeak botua emateko eskubidea aitortzen dietenak. Ostera, udalerrian bizi den atzerritar askok ez dute botorik ematerik izango, espainiar legeak ez baitie horretarako eskubiderik onartzen. Espainiak horretarako hitzarmena sinatua duen estatuetako herritarrei bakarrik aitortzen die botoa emateko eskubidea. Esaterako, Soraluzen, atzerritarren komunitate ugariena osatzen duen marokoar nazionalitatea duten berrehunetik gora herritarretatik, soilik bederatzi pertsonak dute botoa emateko eskubidea, Marokoko estatuak ez duelako arlo horretako hitzarmenik espainiar estatuarekin.
11 udal ordezkari
Boto-emaileek Soraluzeko Udaleko udalbatza osatuko duten 11 ordezkari aukeratuko dituzte. Azken udal hauteskundeak 2019an egin ziren eta haietan EH Bilduk eskuratu zuen boto gehien: 918 boto (%44,43). Atzetik, EAJ-PNVk 704 boto eskuratu zituean (%34,08) eta PSE-EEk, berriz, 348 boto (%16,84). Azkenik, PPk 63 boto eskuratu zituen (%3,05).
Alderdirik bozkatuena EH Bildu izan arren, jeltzaleek eta sozialistek gobernu hitzarmena izenpetu zuten bien arteko 1.052 botoak baliatuta, ezker independentistaren boto kopurua gainditu egin zuten 134 bototan, Udal Gobernua eskuratuz.
Boto bakoitzak asko balio du
Azken hauteskundeetako kopuruei erreparatuta, Udal Gobernua osatu duten alderdien eta oposizioan egon den alderdiaren arteko aldea ehun boto pasatxokoa eta, ondorioz, abstentzioak edota boto aldaketa gutxi batzuek, nabarmen alda ditzakete gobernagarritasun aukerak. Bestalde, azpimarratzekoa da oraingoan botoa emateko eskubidea duten herritarrak 2019an 180 gutxiago direla. Guzti horrek are balio gehiago ematen dio boto bakoitzari.