Prentsa ohar bitartez, Soraluzerako hauteskunde-programa aurkeztu du Patricia Borinaga hautagai sozialistak. Adierazi du “ahalegin kolektiboan” oinarritutako diagnostikoa izan dutela abiapuntu eta proiektu “errealista eta fidagarria” dutela herrirako, Soraluze udalerri “sozialagoa, integratzaileagoa, berdinzaleagoa, irisgarriagoa eta ingurumen aldetik jasangarriagoa” izateko.
Borinagak gaineratu du etorkizun hurbilean zein epe luzera begira Soraluzek izango dituen erronkei erantzuteko proposamenak direla. Edozein kasutan, Borinagaren esanetan, proiektu guztiek, Udalaren menpe daudenak zein bestelako administrazioekin elkarlanean lantzen direnek “posible dena” dute xede.
Olaldea, SAPA, bidegorria...
Proiektu konkretuei dagokienez, berriz, Borinagak esan du lan egingo duela beste erakunde batzuengandik honako proiektuetarako finantzazioa lortzeko: “Olaldeako eta SAPAko (jabetza pribatua) arloak birgaitzeko eta garatzeko, Maltzaga-Soraluze bidegorriaren tartea gauzatu ahal izateko, Mendiola industrialderako eta udalerrirako sarbidea Gi-627 errepidetik hobetzeko, udalerriko degradatutako guneak eta birgaitze integrala behar duten guneak birgaitzeko eta leheneratzeko (Alde Zaharra, Atxuri, Loralde eta Gabolats-Arraikua), Irisgarritasun Plana berrikusi eta beharrezkotzat jotzen den puntuetan hiri-igogailuak jartzeko, tokiko erkidego energetikoak eratzeko eta udal-mailako eraginkortasun energetikoa hobetzeko”.
Oztopoak kendu
Udalaren baliabideen bitartez, berriz, irisgarritasun-plana eguneratu eta oztopoak kenduko dituela agindu du,”espaloiak eta zebra-bideak egokituz eta arrapalak eta barandak jarriz” eta horrekin batera, bide-garbitasuna hobetu, hiri-altzariak konpondu eta berritu eta besteak beste, herriko puntu beltzak kendu nahi ditu. Halaber, udal zerbitzuak eta instalazioak mantendu eta hobetu nahi ditu; gizarte-zerbitzuak, kiroldegia, ludoteka, gaztelekua, liburutegia, Itxaropena erretiratuen eta futbol zelaia, nabarmendu ditu. Eta besteak beste, gazte-mahaia sortu, herriko espazio naturalak eta biodibertsitatea hobetu eta herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko jarduerak agindu ditu.