Atzo, Plaza Zaharrean egindako ekitaldian, Iker Aldazabal alkategaiak azpimarratu zuen, azken lau urteotan moduan, datozen lau urteotan ere herritarrekin, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin zein udalaz gaindiko erakundeekin elkarlana izango dela EAJren ardatzetako bat.
Ildo horretan, Aldazabalek “argi eta garbi” laga nahi izan zuen, Soraluzeren baliabide txikiak aintzat hartuta, azken lau-urteotan “buru-belarri” ibili direla udalaz gaindiko erakundeekin, Jaurlaritzarekin zein Diputazioarekin gestioak egiten, eta, horri esker 12 milioi eurotik gorako inbertsioak eskuratu ahal izan dituztela Soraluzerako “estrategikoak” diren proiektu eta egitasmoak abiarazteko.
SAPA, Kalebarren, eskola…
Adibide modura, langabeziari aurre egiteko Kalebarren 8an zaharberritutako lokala zein Olaldean egokitutako Lantegi Eskola nabarmendu zituen. Herria birgaitzeko bidean, berriz, SAPAko lehen pabiloia birgaitzeko zein Pascual Churrucan babes sozialeko 29 etxebizitza eraikitzeko obrak izan zituen hizpide eta baita ere Gabolatsen eraikiko duten zubi berria zein Plaentxi Eskolan egindako eta egingo diren inbertsioak, besteak beste.
Iker Aldazabalekin batera, atzoko ekitaldian Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urola barrutiko Batzar Nagusietarako zerrendaburuak eta Aldazabalen “lagunak” ere parte hartu zuen. Hark, besteak beste, Euzko Alderdi Jeltzaleak azken lau hamarkadetan euskal nazioa eraikitzeko “erabaki estrategikoak” hartu eta haietan “asmatzeko” izan duen gaitasunari balioa eman zion.
Bi eredu politiko
Halaber, Arrizabalagak azpimarratu zuen lehen eta orain bi eredu politiko daudela eta bien arteko bat aukeratu beharko dutela herritarrek maiatzaren 28ko Udal eta Foru hauteskundeetan: “Herria errespetatzen duen eta justizia sozialean eta ekonomiaren babesean oinarritzen den EAJren eredua, ala, beste aldean dagoena, ezkortasunaren eta hondamendiaren profeten eredua”.
Hala, Arrizabalagak ohartarazi zuen azken horien atzean daudela “betikoak”, pankartak eusten
“bitartekari” lana egiten duten taldeen eta elkarteen atzean ezkutatzen direnak. Arrizabalagak erantsi zuen, horren aurrean, soraluzetarrek zein gipuzkoarrek “behar eta merezi duten ilusioa eta esperantza” ematen duela EAJ-PNVk.